Teknologia albisteak

Munduan barrena online bidaiatzeko zuzeneko 100 webcam

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-07-31 : 09:57

Oporretan oso urruti joateko aukerarik ez baduzu edo, besterik gabe, Egunean Behineko zale amorratua bazara eta "Zer herri da?" estiloko galderek amorratzen bazaituzte, hementxe duzu denbora-pasarako kanal bat, Youtubeko Magic Live.

Munduan zehar barreiatuta dauden milaka (milioika) webcametako ederrenetako batzuk biltzen ditu Magic Live youtubeko kanalaren "Around the World Cams / Beautiful Earth Webcams" zuzenekoak. 

Zuzeneko honek ez dauka ezer berezirik, egia da, webcam-etako irudiak dira, baina Magic Live kanaleko arduradunek lan txiki bat hartu dute, munduan barrena dauden webcam horietako ederrenetako batzuk aukeratu eta denak streaming berean taldekatuta transmititzeko. 

Horrela, 10-15 segunduko tartearekin, Berlin, New York, Thailandia, Groenlandia, Tokyo, Fuji mendia, Geirangerfjord (Norvegia) eta beste dozenaka leku eder ikusi ahalko ditugu, bata bestearen ostean, eta zuzeneko irudiekin. 

Une honetan 90 hiri inguruko zerrenda dago zuzeneko horretan eta arduradunek etengabe editatzen dute zerrenda, berriak gehituz eta ez dabiltzanak ezabatuz. Zuzeneko webcam horietako bakoitzera esteka ere aurkituko duzu Youtubeko kanalean bertan.

Azken batean, iragazki lana egin dute kanal honetako arduradunek, sarean dauden milaka eta milaka webcametatik ederrenetako batzuk aukeratuz eta denak erreskadan ezarriz. 

Polita da ikustea nola ari den eguzkia sartzen Japoniako kostaldeko hiri batean, edo nola irteten den Canadako basoetan; ederra ikustea hiri eta paisaia ezerberdinen joan-etorria, bizimodu eta klima ezberdinak. Gure planeta honen magia amaigabea (irudi gehienak hirietakoak diren arren).

Uda honetan etxe bueltan geratu behar baduzu, Lurraren beste muturrera bidaiatzeko aukera txiki bat. Eta Egunean Behineko "Zer herri da?" galderak amorratzen bazaitu (baina hurrengo denboraldia noiz etorriko irrikitan bazaude), webcam bakoitza zein herrialdetakoa den asmatzera ere jolas zaitezke: Txina? Errusi? Norvegia? Txile? Ezetz asma?

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago