Teknologia albisteak

Tenperatura-igoera 4 aldiz handiagoa da Artikoan gure planetako beste toki batzuetan baino

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-07-30 : 13:17

Halaxe ondorioztatu du ekainean argitaratu berri den ikerketa batek: azken hamarkadetan gure planetan izan dugun tenperatura-igoera globala ez dela neurri berekoa planetan osoan eta Artikoan beste latitude batzuetan baino 4 aldiz handiagoa dela. Aspaldi ezagutzen den anplifikazio polarraren fenomenoa dago Artikoko igoera bizkorrago horren oinarrian, zeinek erretroalimentazio mekanismo moduan funtzionatzen duen: tenperatura gehitu ahala, tenperatura igoera horren abiadura handitu egiten da.

Duela egun batzuk argitaratu berri den ikerketa batean jaso dituzte datuak eta ondorioak: Annual Mean Arctic Amplification 1970–2020: Observed and Simulated by CMIP6 Climate Models. Estatu Batuetako Los Alamoseko laborategian egin dute ikerketa, East Anglia unibertsitateko lantalde batekin elkarlanean, beste nazioarteko erakunde batzuen laguntzarekin, eta ondorioa garbia da: azken 50 urteotan Lurrak izan duen tenperatura igoera ez da modu homogeneoan gertatu eta Artikoan 4 aldiz bizkorrago igo da tenperatura.

Igoera hori indartzen duen mekanismoa ere ezaguna da, Artikoko eragin anplifikatzailea edo anplifikazio polarra deritzon fenomenoa (Polar Amplification). Izan ere, lurraren historia klimatikoa aztertuz gero, nabaria da gure planeta berotu eta hotzitu den bakoitzean, Artikoa 3 aldiz gehiago berotu edo hotzitu dela, batez beste. Artikoaren eragin anplifikatzailea dago aldaketa bizkorrago horren atzean.

Artikoko itsasoko izotz-geruzan eta lurralde artikoetako eremuetako elur-geruzan gertatzen diren aldaketek sorrarazten duten erretroalimentazio positibo (edo negatibo) da hau, zeinek gure planetako hozte-berotze prozesuak areagotu egiten dituen izotzez eta elurrez estalitako eremuetan. Hau da, tenperatura igotzen bada eta izotz/elur kopurua murrizten bada, orduan eta eguzki-izpi gehiago iristen dira sistemara eta orduan eta izotz/elur gehiago urtuko da, gero eta bizkorrago, etengabe.

Hori dela eta, Lurraren tenperatura 2-3º C igotzen edo jaisten bada, Artikoan 6-10º C igoko da, batez beste. Kasu honetan, kalkulatu dute azken 50 urteotan Artikoan egon den tenperatura igoera beste latitude batzuetakoa baino 4 aldiz handiagoa izaten ari dela.

Igoera handi horrek eragin latza izan dezake Artikoko ekosistemetan. Batetik, dagoeneko ezaguna den bezala, tenperatura igo ahala eta izotz-geruza desagertu ahala, permafrostean gordeta dagoen metanoa askatzen da eta milaka urtez metatu eta orain askatzen ari den metano horrek beroketa globala berrindartzen du, tenperatura igoera are gehiago handituz. Gainera, izotzez eta elurrez estalita dauden eremuak lurmendu ahala, landaretza ere aldatzen hasten da, landaretza xumearen ordez zuhaizkak ugarituz, eta landaretza berri eta handiago horrek ere, izotza eta elurra gutxitzea eragiten du.

Bistan da, beraz, tenperatura igoerak eragin batzuk sortzen dituela eta, erretroalimentazio mekanismo horren ondorioz, tenperatura are gehiago igotzeko joera indartzen dela. Etenik gabeko gurpila, hartara.

Erantzun

Sartu