Teknologia albisteak

James Lovelock zientzilaria hil da, 103 urterekin. Ekologismoaren aitzindarietako bat eta Gaia teoriaren sortzailea izan zen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-07-28 : 11:00

Atzo hil zen James Lovelock zientzilaria, 103 urte betetzen zituen egunean bertan. Ekologismoaren aitzindarietako bat, Gaia hipotesiaren sortzailea eta aldaketa-klimatikoaren inguruan hitz egin zuen lehenengo ikerlarietako bat izan zen. Bere urtebetetzea ospatzen ari zela hil zen, senidez inguratuta.

James Lovelock Hertfordshiren jaio zen, Erresuma Batuan, 1919an. Zientzilari (kimikari, fisikari eta biologo), meteorologo eta idazlea izan zen, Gaia hipotesiaren sortzailea eta ekologismoaren aitzindarietako bat, "ekologismoaren aitona" deitzen zioten bere herrialdean. Aldaketa-klimatikoaren lehenengo zantzuak ikusi eta aldaketa horrek ekarriko zituen ondorio latzak aipatzen ere aurrenekoetakoa izan zen, 1960ko hamarkadan. 

Ziurrenik Gaia hipotesiak eman zion ospe edo izen handiena. "Gure planeta izaki bizidun handi bat bezalakoa da, berez auto-erregulatzen dena" bota zuen 1969an. Gaia hipotesia hipotesi ekologiko bat da, non biosfera eta Lurraren osagai fisikoak (atmosfera, hidrosfera eta litosfera) bateratuta agertzen diren, sistema elkarreragile konplexua eratuz eta gure planetako oreka klimatiko eta biogeokimikoa homeostasian mantenduz. Lovelockeren teoria Lynn Margulis biologoak babestu zuen eta William Goldingek bataiatu zuen greziar mitologiako Lurraren jainkosaren izenarekin, Gaia.

Bere hipotesiak ez du zientzilarien komunitatearen babes osorik jaso, eta Lovelockek energia atomikoa babesteak ere ez zion larregi lagundu, baina Gaia Hipotesia funtsezko izan zen gure planetako sistemen konplexutasuna hobeto aztertu eta ulertzeko eta klimaren zientzian urrats sendoagoak emateko. Ekologismoak 1970. hamarkadan izan zuen garapenean ere nabaria da Lovelockeren ekarpena. 

James Lovelock (1919-2022)

James Lovelock Letchwork Garden hirian jaio zen 1919an. Kimika ikasketak Manchesterreko unibertsitatean burutu zituen. Geroago, bere ezagutzak zabaldu zituen eta fisika eta biologia ikasi zituen. Ikasketak amaitutakoan, inbestigazio kimikoan lanpostua lortu zuen, Londresen hain zuzen ere.

1948an doktore titulua lortu zuen Londresen. Geroago Estatu Batuetan, ikerketa lanak egin zituen Yale, Baylor eta Harvardeko unibertsitateetan. Yaleko unibertsitatean, elektroien harrapaketan, osagai toxikoak detektatu izan zituen. Bere trebetasun nagusiena, erakundeen eta zenbait talde komertzialen arazo teknikoei erantzutea edo konponbide bat aurkitzea zen. Bere argitasunak, edukitako pentsamenduak eta izaera independenteak, bizimodu autonomo bat edukitzera eraman zuen. 

 

----

Argazkia: NASA, cc-by-sa.

Erantzun

Sartu