Teknologia albisteak

Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022, sarrera salmenta bihartik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-06-22 : 13:03

Gaur aukeztu du Bertsozale Elkarteak 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Tokatzen zen egitea, aurrekoa 2017an izan baitzen. 2022ko honetan hamalau saio izango dira, irailaren 24an hasita, eta finala Iruñean, Nafarroa Arenan. abenduaren 18an; eta sarrerak jada bihartik egingo dira salgai. Sarreren salmenta nola izango den eta Txapelketaren prozedura ere azalduko dugu jarraian.

Sarrerak lortu

Sarrerak bihar, ekainak 23, jarriko dituzte salgai, Bertsosarrerak.eus bitartez, 09:00etatik aurrera. Gainera, Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan finalerako sarrerak saltzeko leihatila zerbitzua eskainiko dute, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte, ekainaren 23tik 30era, asteburuan izan ezik. Erosketa online egiteko zailtasunak dituztenei laguntza emango zaie Bertsozale Elkarteetan eten digitala saihesteko, egoitza sarearen bitartez. 

Esperientziagatik, Bertsozale Elkarteak uste du finalerako sarrerak azkar samar agortu daitezkeela. Elkarteko bazkideek, dena den, finalerako sarrera bermatua dute (prezio merketuan gainera), baina epe batekin: ekainaren 30a arte erosiz gero.

Taldean erosi nahi izanez gero, erosle bakoitzak 6 arte eros ditzake Bertsosarrerak.eus bidez. Finaleko sarrerak, sarbide eta antolakuntza motiboengatik, motaka antolatuta daude: harmaila, errebotea eta pista. Lagunartean joanez gero, mota berean izan beharko dituzue erosita sarrerak, zeren behin barrura sartuta ez da batekoak eta bestekoak elkartzeko modurik izango.

Txapelketaren formatua

Saio eta bertsolariei dagokienez, 42 bertsolarik parte hartuko. Lehen fasean, sei saio hiru asteburutan, Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian eta Lizarran.

Zazpi finalaurreko jarraian, hurrengo asteburuetan (bakoitzean bat), Ellizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, eta Bilbon. Maialen Lujanbio txapelduna salbu, 2017ko edizioko beste zazpi finalistek eskubidea zuten finalerdi horietan zuzenean sartzeko, baina bakarrik bost gehituko dira fase horretara lehiaketan: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Arzallus, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Eskubidea zuten finalaurrekoetan zuzenean egoteko Igor Elortzak eta Aitor Sarriegik, baina uko egin diote txapelketan parte-hartzeari eta beraien hutsuneak ez dira beteko finalaurreko horietan.

Finalerako txartel zuzena txapeldunak du bakarrik, Maialen Lujanbiok. Zazpi lagun gehituko zaizkio Nafarroa Arenan, abenduaren 28an.

Kontuak hartzeko estekak

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago