Teknologia albisteak

Korrika 22: "Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-04-10 : 14:47

Karmele Jaio idazleak eraman du lekukoaren azken tartea 22. Korrikan, eta haren barruan zetorren mezua atera eta irakurri du, berak idatzia baitzen. Euskara material baten aldeko aldarria izan da; ez ondare, ez altxor, ez espiritu bat, ez jarduera birtual bat, baizik eta zerbait hezur-haragizkoa: "Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik."

Hona lekukoak zekarren mezua:

Herri honen eztarritik ateratako irrintzi bat. Hori da Korrika.

Oihu honek hogeita bigarrenez erakutsi digu hizkuntza bat ez dela hitzekin egiten bakarrik, hitzekin eta gorputzekin baizik. Belaun eta hanken gainean trostan eraman daitekeela hitza; dardara, arnasestu eta izerdi artean pasatu ahal zaiola elkarri eskutik eskura.

Hizkuntza zerbait fisiko bihurtzeko ahalmena du Korrikak. Gure a e i o u partikularra gorpuzteko. Eta hori behar du euskarak: haragi bihurtzen diren hitzak.

Euskarak behar du hezurdura bat, anatomia bat, arnas aparatu eta nerbio sistema bat. Behar du lepo bat zeinen gainean segi aurrera. Malko eta listuz bustitzea behar du euskarak. Hatz markaz zikintzea.

Zikindu dezagun, beraz, euskara; lohitu dezagun bizitzaz. Eta egin dezagun euskararekin hainbat inertziaren kontra:

Hitzak hustu egin diren garai batean, bete ditzagun euskararen berbak harri eta herriz.

Dena erosi eta saldu omen daitekeen garaian, erakutsi dezagun zein merkea den gure hizkuntza: debalde hartzen dugu herriaren ahotik eta debalde ematen diogu herriaren belarriari.

Indibidualismoa indartuz doan garaian, egin dezagun euskara kolektibo bat, denon artean eta denona.

Gerren sasoian, lehenetsi dezagun beti hitza.

Influenzer eta Youtuberren aroan, izan ditzagun guk bestelako jainko txiki inspiratzaileak.

Euskararen pronostikoa gugan dagoela gogorarazi zigun Pello Zabalak, adibidez.

Edo euskaraz harrotasun eta apaltasun hitzak bateragarriak direla erakutsi zigun Joan Mari Torrealdaik.

Edo euskara ez dela zaila, euskara nahia dela erakutsi ziguten Elbira Zipitria, Julene Azpeitia edo Izaskun Arrue bezalako andereñoak.

Eta etiketen garaian, ahaztu ditzagun behingoz euskaldun berri eta zaharrak. Iraultza honetan, lasterketa honetan, denok garelako euskaldun berri. Hizkuntza bat egunero hasten delako, egunero berritzen delako. Hizkuntza bat ez delako jaiotzen, egin egiten delako.

Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik.

Eta atera dezagun gure eztarrietatik Mauriziaren irrintzi baten indarraz.

Ekin euskarari, eutsi kateari!

Gora Korrika eta gora euskara!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago