Teknologia albisteak

Italki, hizkuntzak ikasteko plataforma, barrutik azalduta

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-03-02 : 09:39

Dylan Inglis poliglota ingeles eta euskalduna aurkitu genuen Italki plataforman lehengo batean, bertan euskarazko eskolak ematen zituela. Plataforma honek nola funtzionatzen duen galdetu diogu, eta kontakizun konpletoa bidali digu, ikasle gisa ze aukera ematen dituen; eta irakasle bilakatuz gero ere nola dabilen.

Hona Dylan Inglisen azalpenak, segun ze rol den zeurea.

Ikasle

Hizkuntza bat ikasten hasi edo hobetu nahi al zenuke, baina ez dakizu nora jo? Hizkuntza akademiek ez dizute nahi bezala funtzionatzen, edo garestiegiak dira? Zure xede-hizkuntza irakasten duenik ez dago inguruetan? Munduan hizkuntza aberastasun ikaragarria da, eta maiz entzuten da teknologia berriek hizkuntza horiek ikasteko inoiz baino aukera hobeak eskaintzen dizkigutela. Justuki, neronen hizkuntzak ikasteko bidaietan usu leku garrantzitsua izan duen Italki webguneaz hitz egitera natorkizue.

Italki hizkuntza eskolak izateko gune berezia da, prezio eskuragarrietan kalitatezko klaseak eskaintzen dituena. Kontzeptua xume bezain eraginkorra da: ikasleak bere xede-hizkuntza xekatu eta aurkituriko irakasleen artean hainbat irizpide kontuan hartuta (eskolen prezioa, irakaslearen jatorria, dialekto/ahoskera, disponibilitatea eta bere aurkezpen bideoan laburbiltzen duen irakas-metodoa, nagusiki) bere neurrirako irakaslea hautatu eta harekin klasea erreserbatzen du. Klaseak banan-banan erreserbatzen ditu ikasleak, eta bakarkakoak dira: hots, akademia edo ikasgela batean ez bezala, klase denbora osoa norberari emana da. Denbora hori ere zure nahitara egokitu dezakezu: ordu erdi, 45 minutu edo ordubeteko saioak hautatzen ahal dira. Bi irakasle mota daude; batetik irakasle profesionalak, hots, hizkuntza horren irakaskuntzan trebatuak, eta komunitate-tutoreak, irakasteko ziurtagiririk gabekoak.

Nik 2016an aurkitu nuen Italki; hizkuntzak neure kontura ikasten hasteko gogoa jin zitzaidalarik, Benny Lewis poliglota irlandar famatuaren gomendioari jarraika Italki probatzea erabaki nuen. Nire ikasliburua irakurriz ikasitako ezagutzak praktikan ezartzeko asmoz, Venezuelako gaztelania-irakasle batekin klase batzuk izan nituen, eta behin nire hasierako beldurra gaindituta, arras zaletu nintzen plataformaz. Akademiako klaseak onak izan daitezke, baina nahiz eta presentzialki ikasteak ematen duen hurbiltasun hori baduten, beste alde batetik ikaslea beti behartua da klasearen erritmo eta gaitegiari jarraitzea bai eta beste hamar edo hogei ikaskiderekin irakaslearen laguntza partekatzera ere. Urteetan zehar hainbat hizkuntzarekin erabili dut: txineraz, georgieraz eta katalanez mintzatzeko gaitasuna Italki klaseetan eskuratu nuen. Frantsesa, gaztelania eta italiera jada aski ongi ikasita, aldiz, Italkik balio izan dit hizkuntzaren ñabardurak ezagutzeko.

Prezio aldetik, ikastaro presentzialen antzekoak dira kurtsoak (nahiz eta partikularrak diren): Batez besteko orduko prezioa 10 eta 20 euro artean da, nahiz eta dezente merkeago eta askozaz garestiagorik ere badagoen. Hizkuntzaz hizkuntza baina bai eta hizkuntza bera irakasten duten irakasleen artean ere aldatzen da; esaterako, merkeagoa da mandarinera edo hindiera ikastea suediera edo keinu hizkuntza baino, eta gutxiago pagatuko duzu Hego Ameriketako gaztelania ikasteko Espainiakoa baino. Bestetik, irakasle profesionalak komunitate tutoreak baino karioagoak izaten dira. Nik neuk azken urteetan hainbat hizkuntza dozenaka irakaslerekin klaseak izan ondoren atera ditudan ondorioetako bat da prezio altuak (norberak defini ditzala!) ez duela kalitate handiagoa bermatzen. Aitzitik, zuk klaseak gidatu nahi badituzu, irakasleari ariketa hau egitea edo alderdi hura azaltzea eskatuz, komunitate tutoreak usu malguagoak dira, nire esperientzian. Txanponaren beste aldea, beraz, zera da: irakaslearen gidaritzapean ikasi nahi baduzu, baliteke irakasle profesionalek hori hobeki eskaintzea. Dena den, irakasle bi mota horietarik haratago, gomendatuko nizueke batzuk probatzea gero hobekien zaizuna aukeratzeko.

Ehunka hizkuntza daude aukeran, nahiz eta desberdintasun irakasle kopuruan handia dagoen: italieraz hamaika irakasle dago, Eskoziako gaelikoz bat bakarrik eta disponibilitate eskasarekin delarik. Euskara ikasten hasi nintzelarik, ez zegoen irakaslerik, baina zorionez hori orain aldatu da; gaur lauzpabost irakasle euskaldunek munduan zeharreko hizkuntza-zaleei euskara ikasteko aukera ematen diegu.

Irakasle

Neuk iazko udazkenean ekin nion Italkin euskara irakasteari, han beste hizkuntza batzuen ikasle luzaz jardun ondoren. Ingelesa ama mintzaira dut, baina berau irakasten zuen milaka tutore jadanik bazegoenez, eta euskara irakasteak gehiago motibatzen ninduenez, euskara irakasle egin nintzen. Hilabete batzuk igarota, orain arteko esperientziarekin arras kontent naiz: orotara hamabi bat ikasle izan ditut, eta horietarik zazpi ikasle iraunkor bilakatu dira. Hortaz, asteroko zazpi edo zortzi klase ematen dizkiet jatorri eta maila anitzeko ikasleei: korear, filipinar, andaluziar, katalan, estatubatuar, gales eta hainbat erresumabatuar izan ditut ikasle. Gehienak hizkuntza-zale handiak dira, eta misterio handia duen euskarara hurbildu nahi dute. Esaterako, nire hiru ikasle ingelesek hungariera ere badakite, horietarik bik georgiera ere!

Ikasle gehientsuei euskara batua erakusten diet, baina batekin zubereraz eta hikaz ari naiz, euskara batua jada ederki menperatzen duelako. Maila orotariko ikasleak dira: batzuk lehen klasera etortzean deus ere ez zekitenak, beste batzuek hizkuntza luzaro bazter utzita izan eta berrekin nahi diotenak, beste zenbait, berriz, hiztun onak izaki euskalkietan edo hizkuntza ñabarduretan murgildu nahian jiten zaizkidalarik. Askori etxeko lanak bidaltzen dizkiet – itzulpen-ariketak, irakurmen-jarduerak, idazlanak – eta batzuekin ikasliburuak erabiltzen ditugu. Beste zenbaitekin hizketan azaltzen diren dudetatik abiatzen gara eta azkar heltzen gara aditz trinko, nor-nori-nork edo ergatiboa bezalako gune emankor horietara!

Italkin hizkuntzak irakastea oso atsegina eta praktikoa da, internet konexio fidagarria eta leku lasai bat baino ez dira behar. Irakasleak berak erabakitzen du zenbat kobratu nahi duen, eta Italkik klasearen prezioaren %15 hartzen du. Arestian aipatu bezala, klaseak merkeak dira, eta horrek erran nahi du irakasleak klase partikularren ohiko prezioa baino gutxiago kobratzen duela. Dena den, Italkik irakasleari ematen duen ikusgarritasunak asko balio du, eta behin errotuta irakasleak prezioak egokitzeko aukera badauka. Ederra da ikasleen maila hobetzen ikustea, eta aberasgarria da ikustea euskara zenbat modu desberdinetan ikas daitekeen. Nahiz eta klasetik kanpo ikasten emandako denborari klasea berari bezain garrantzitsua edo apika are garrantzitsuago deritzodan, Italkiren papera erabakigarria izan daiteke ezagutza pasibotik erabilera aktibora igarotzeko. Irakasle moduan, plazer handia da ikasleen astez asteko aurrerapausoak ikustea eta bide horretan laguntza ematea.

Estekak

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago