Asier Gogortza argazkilariak ekintza oso interesgarri baten berri eman du Twitterreko hari luze batean. Pandemia baino lehenagoko osteratxo batean ezkur batzuk biltzetik, Urruña eta Bera artean harizti bat sortzeraino, izen propioa duten hainbat haritz gazterekin.
Harian dago kontua zehatz eta prosa bikainarekin azaldua, eta hortaz egindakoaren puntu batzuk ekarriko ditugu hona, ez gehiago.
2019ko udazkenean, bizikleta osteratxo batean, Urruñako baserri baten ondoan haritz batzuk ikusi, eta haien azpian ziren ezkur batuk hartu zituen argazkilariak. Gero, ezkur gehiago bildu zituen beste baso eta bide batzuetakoak. Eta urtea amaitu aurretik, etxeko poto batzuetan erein zituen.
Pandemia garaian, potoetatik ezkurrak ernaltzen zirela ikusirik, bakoitzari izena ematea erabaki zuen. "Pertsonei izena jartzen badiegu, pentsatzen nuen nere baitan, nolatan ez diogu ba izenik jarriko 5 aldiz gehiago biziko den zuhaitz bati?", egin zuen gogoeta Asier Gogortzak. Itxialdian Berria egunkariak eman zizkion irakurraldietatik, albiste-orriekin potoak apaindu zituen Gogortzak, albistearekin lotuta izena eman ere haritz gazte bakoitzari (arropa esekitzeko gantxo batean izen bakoitza), eta dena foto-dokumentatu.
— Asier Gogortza (@AGogortza) December 27, 2021
Zuhaixka bakoitzaren argazkietatik, multzo konplexuetara ere salto egin zuen artistak.
— Asier Gogortza (@AGogortza) December 27, 2021
Potoak txiki geratu zirenean, kubo handiagoetara aldatu zituen haritzak, eta haientzat kokapena ere bilatzeari ekin zion. Bera eta Urruñako udalen bidez, Erentzu mendiaren magalean aukeratu zen toki bat, basozainekin-eta adostuta, Frantzia eta Espainiako estatuen muga erdian hartuz, bi zirkulu sinbolismoz kargatuta.
Eta hantxe landatu dituzte bada, haritzok. (tartean, lurra induskatuz harlanduzko piezak ere agertu dira, eta horiek adituen esku utzi dituzte, agian berri gehiagoren iturri izan baitaitezke).
Ehun ezkurretatik ez dira denak haritz bihurtu, 27 landatu dituzte, babes eta zutoinekin gordeak, Erentzuko magalean.
Urruña eta Berako lurrak elkartzen diren tokian haritzak bi borobiletan landatzea proposatu nien, Frantzia eta Espainiako estatuen muga erdian hartuz. Harizti honek bokazio artistikoa izanen luke hasieratik: lurraldea, paisaia eta denbora bezalako gaiak lantzeko asmoz sortua da. pic.twitter.com/pKxPEXdnm8
— Asier Gogortza (@AGogortza) December 27, 2021
"Hemendik aitzinera zeinek jakin ze ibilbide eginen duen 2020ko hariztiak? Sikiera negu hau pasatuko dute haritzek? Ala 200 urte iraunen dute?".
Eskerrik asko Asier Gogortza lan bikain horrengatik, artikulutxo baterako ere eman du hemen. Argazkilariaren lana ezagutzeko, ikus bere webgunea, asiergogortza.net, eta, adibide gisa, haritzen harian aipatzen duen photoperiodism proiektua, hori ere artelan eder bat zuhaitzen inguruan eraikia.
Hari osoa, hemen baino argiago azaldua guztia, Twitterren.
Erantzun
Sartu