Teknologia albisteak

Mikel Urmenetak diseinatu du Euskal Telebistako kateen irudi berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-12-31 : 15:19

ETBrako logo berriak diseinatu ditu Mikel Urmeneta disenatzaile nafarrak (Kukuxumusu eta Katuki Saguyaki marken sortzaileak), eta 2022. urtea hastearekin EITBren telebista zerbitzuen irudia inzaof dira (Euskal Telebistari baitagozkio logotipoak, ez EITB erakundeari), ETB1, ETB2, ETB3, ETB4 eta ETB Basque kateen irudia.

Logo berriak markatuko du ETBren 40. urteurrena, 2022 honen abenduaren 31n beteko baitira euskal telebistaren lau hamarkadak. 1982 hartan txantxangorri baten irudiarekin egin zen ezaguna Euskal Telebista, eta harrezkero txoriaren irudiak jarraitu du EITBren irudiarekin nolabait lotuta egoten.

2022ko eraldaketa honetarako, txoriarekin eta txitoarekin lotuta, arrautza oskol baten irudia landu du Mikel Urmenetak, guztien etxea adierazi nahi duen sinbolo bat. Urmenetaren hitzetan: "ETB txantxangorri batetik jaio den bezala, txantxangorri hori arrautza batetik jaio da, eta zergatik ez, euskaldun guztien etxea izan daitekeen arrautza batetik. Jatorria, bizitzaren iturria eta euskal gauza guztien kontenedorea izango litzateke arrautza hori, euskal gizartearena, euskararena, txantxangorriarena eta euskal telebistak ordezkatzen duen guztiarena."

Horrekin batera, kate zenbakiak adierazteko marra edo bloke batzuk dira orain adierazgarriak, ia-ia zenbaki erromatarrak (baina ETB4 ez da etb IV baizik eta etb IIII). Marra horiek "euskal eskultoreen eskolan inspiratutako ikurrak dira", Urmenetak esan duenez (Oteiza, Chillida edo Basterretxearen lanetan, besteak beste). "Elementu berriak dira, oso indartsuak. Irudi berri hau disruptiboa, cool, entretenigarria eta jendearen gertukoa izango da dudarik gabe."

Hona irudiaren aurkezpena Mikel Urmenetaren txio jarioan, gaztelaniaz, konturatuko zaretenez:

 

 

Erantzun

Sartu