Teknologia albisteak

Appa Hi aplikazioa: ehundaka erabiltzaile Android-en, eta orain iPhoneetarako ere bai

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-12-25 : 09:50

Oñatiko hika ikasteko Appa Hi aplikazioa aurkeztu zen duela hilabete azaroaren amaieran, Android telefonoetarako, eta harrera bikaina izan du orain artean. Ahotsak ekimenak jakinarazi duenez, 700 aldiz deskargatu dute, eta une honetan 500 lagunek baino gehiagok daukate instalatuta, ariketak egiten egunero, hilabete pasatxoko prozesua proposatzen baitu aplikazioak. Orain Apple-en dendan ere eskuragarri dago. 

Hauek dira helbideak eskuratzeko, doan:

Honela funtzionatzen du Appa Hi aplikazioak: 35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak, marrazkiak eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera dauka erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu daiteke: partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du Oñatiko hika ikastea.

500 bat lagunek du une honetan aplikazioa Androidean instalatuta. Aurrerantzean, beste iPhonedun batzuk gehitu ahal izango dira. Egunean Behin aplikazioak duela gutxi emandako datuen arabera, 80/20 da Android/iPhone telefonoen proportzioa euskaldunen artean.

Appa Hi aplikazioaren edukia Badihardugu euskara elkarteak garatu du, ilustrazioak Mirari Sagarzazu marrazkilariak egin ditu, aplikazioaren alderdi teknikoa CodeSyntax-ek (Sustatu eta Egunean Behin egin duen enpresak) garatu du, eta bezeroa Oñatiko Udala izan da.

Erantzun

Sartu