Teknologia albisteak

Euskara, katalan eta galegozko ikus-entzunezkoaren alde (%6a eta beste eskaera batzuk)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-12-20 : 12:31

Joan den astekoa da baina pasatu zitzaigun: nola hizkuntza gutxituen defentsa erakundeek bederatzi puntuko eskaera-orria adostu duten, eta hori aurkeztu dioten Espainiako Gobernuari, ikus-entzunezkoen legean gure hizkuntzak babes ditzaten. Akordioa bereziki zuzendu diete Diputatuen Kongresuan eta Senatuan ordezkaritza eta legearen onarpenean zeresana duten alderdi politikoei (EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, BNG, Compromís, CUP, En Comú Podem eta Més per Mallorca).

 

Testua adostu ondoren, agerraldia egin zuten Madrilen Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Jordi Cuixart Òmnium Culturaleko lehendakariak, Marcos Maceira A Mesa pola Normalizacióneko lehendakariak (hauek hiruak goiko argazkian), Francesc Marco Plataforma per la Llenguako idazkariak, Anna Oliver Acció Cultural del País Valenciàko lehendakariak, Josep de Luís Obra Cultural Balearreko lehendakariak. Informazio gehiago, Kontseiluaren oharrean.

Hauxe da adostu zuren agiria:

Euskara, katalan eta galegozko ikus-entzunezkoaren alde

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorrak, idatzita dagoen bezala onartuz gero, ez du eragin handirik izango gaztelania ez diren hizkuntza ofizialen ikus-entzunezko berdintasuna erdiesteko. 2018/1808 Europako zuzentarauaren transposizioaren ondoriozko legearen aldaketa aukera gisa erabili behar da gaztelania ez den beste hizkuntza ofizialen ezarpenean dauden desberdintasunak ezabatzeko. Halaber, ikus-entzunezko eduki guztietan, jatorrizko bertsioan, bikoiztuta edo azpitituluekin, bai ere audiodeskribapenetan eta interfazeetan ere, presentzia duina eta berdintasunezkoa izan dadin zaintzeko baliatu beharko litzateke. Jarrera hori galiziera, euskara eta katalana duten parlamentuek babesten dute.

Estatu espainiarreko estaturik gabeko nazioek oraingo eta etorkizuneko ikus-entzunezkoetan gure hizkuntzen presentzia ziurtatzeko unea da, bai telebista linealean, bai eskariaren araberako eduki-plataformetan, egoitza edonon dutela ere. Bestalde, argitu behar da autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako bat delako kontzeptua jasotzen denean, berezko hizkuntzei buruz ari dela.

Horregatik, Gobernuari eta gure lurraldeetako alderdiei -legea onartzeko beharrezkoak direnei- honako gai hauetan amore ez emateko eskatzen diegu:

1) Legeak zehapen-araudi argia eta zehatza izan dezala, saihesteko plataformek eta operadoreek nahiago izatea isuna jaso legea bete baino. Gainera, ateak ireki behar dizkie hizkuntza ofizialak dituzten legebiltzar autonomikoei gaiari buruzko beren legeak gara ditzaten, dagokien erregelamendu osagarriaren bidez.

2) Plataforma bakoitzaren katalogoan, %6 katalanez, euskaraz eta galizieraz egon dadila, bai eta egoitza estatutik kanpo dutenetan ere. Gainera, ehuneko horren erdiak urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan dezala.

3) Plataforma bakoitzaren katalogoan, katalanez, euskaraz edo galizieraz bikoizketa duten produktu guztiak eskuragarri egon daitezela sisteman. Estatuko hizkuntzan bikoizketa eta azpitituluak txertatzen dituzten ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen emaileek aldi berean sar ditzatela hizkuntza koofizialak. Aldi baterako laguntzak eta pizgarriak ezar daitezela. Plataforma batek bere produktuetako bat administrazioak bikoizteari uko egin ezin diezaiola.

4) Estatuan jarduten duten, baina egoitza beste herrialde batean duten, plataformek Europako obretako erosketa- edo inbertsio-kuota estatuko hizkuntza ofizialetan bete dezatela (finantzazio aurreratua), zuzentarauak zehazten duen bezala, Kuota hori murrizteko aukera eman dakiela, beren produktuen bikoizketaren truke. “Estatu kide bakoitzaren finantza-betebeharren eta kultura-politíken arteko lotura zuzena dela-eta, Zuzentarau honek zehazten duenez, estatu kide batí aukera eman dakiola era berean betebehar horiek beste estatu kide batean kokatutako komunikazio-zerbitzuen emaileei ezartzeko, baldin eta beren lurraldera jotzen badute.”

5) Finantzazio-kuota aurreratua ezar dadila hizkuntza koofizialetan egindako ekoizpenetarako.

6) Plataformek katalanezko, euskarazko eta galizierazko telesailak ekoizteko pizgarriak izan ditzaten, filmak ez ezik, ordukako kuota ere kontabilizatu dezala legeak: serie bat ezin da film gisa zenbatu. Ezin bada, aldagai bat sar dadila telesailei dagokienez sor daitekeen arrisku horizuzentzeko.

7) Erabiltzailea geolokalizatuz, autonomia erkidego bakoitzeko berezko hizkuntzan eskuragarri dauden lan europarrek lehentasunezko tokia izan dezatela orri nagusian.

8) Katalanezko, euskarazko eta galizierazko audiodeskribapen interfazeak sar daitezela, eta behin hizkuntza aukeratuta, audio- eta azpititulu-aukera gisa gorde dadila produktu guztietan.

9) Espainiako Irrati eta Telebista Korporazioak bere eduki guztiak katalanera, euskarara eta galizierara bikoiztutako aukerarekin zabaltzeko betebeharra izan dezala, bereziki haur eta gazteentzako berariazko kanalen programazioan, bai eta bere webguneen eta aplikazioen edukietan ere.

 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago