Teknologia albisteak

Durangoko Kabi@ren egitaraua: Sorkuntza digitala ardatz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-11-28 : 10:02

Laster izango den Durangoko Azokaren 56. edizioan Kabi@ espazio digitalaren programazioak ere izango du tokia, sorkuntza digitala gaia ardatz hartuta. Jarduerak Landako gunean izango dira eta hortaz, adi, txandak hartu beharko baitira kointziditzeko.

Geruza Digitalak, hitzaldiak (4tik 7ra)

Lau hitzaldi izango dira abenduaren 4tik 7ra Geruza Digitalak epigrafearekin. Landako gune nagusiko Kabi@ espazioan, 11.30etatik 12.00etara lau kasuetan.

Abenduak 4. Zer da Euskal Herria digitala manifestua? Jaione Martinez

"Azken hamarkadatan hainbat fenomeno azkartu dira: globalizazioa, prekarizazio globala, demokraziaren pribatizazioa, erregai fosilen agortzea, klima aldaketa, zaintzaren krisia… Guzti horren erdian teknologiaren garapen izugarriak jauzi kualitatibo bat eman du azken mendean. Horrek hainbat kezka piztu ditu dagoeneko mundu luze zabalean. Ez gara berez teknofiloak, ezta teknofoboak ere. Teknologia elite finantzieroen alde erabili daitekeela uste dugu, baina baita jendartearen zerbitzura egon daitekeela ere. Auzia oso konplexua da, eta gutxienez, lau esparruetan eztabaida piztu nahi dugu: demokraziaren esparruan, lanean, hezkuntzan eta gizakian berarengan daukan eragina elkarrekin aztertzeko." Horra Euskal Herria Digitalaren aurkezpen gisa azaldu dutena.

Abenduak 5. Zer da fedibertsoa eta zer eskaini diezaieke euskal sortzaileei? Marko Txopieta eta Porru.

"Modan dauden sare sozialek argi-ilunak dituzte. Fedibertsoa osatzen duten sare sozial modernoek gabezia horiek konpontzera datoz. Euskarak eta euskal kulturak dagoeneko beraien lekua irabazi dute unibertso federatu honetan. Ezagutu ditzagun euskal sortzaileek eskura dituzten aukera berritzaile batzuk."

Abenduak 6. Bideo-jokoetako munduak euskaraz ezagutzea, posible ote? Lander Unzueta eta Haritz Odriozola.

"Pantailen aroan murgilduta gaude, ez dago horren zalantzarik. Bideo-jokoetan pentsatzen dugunean, baina, hauek euskararekin lotzea oraindik kosta egiten zaigu. Horren arrazoia sinplea da: euskarazko bideo-jokoen eskaintza txikia da. Halere, eskaintza txikia izateak ez du esan nahi existitzen ez denik. Horregatik ezinbestekoa da hori bideratu dezaketen agenteak identifikatzea: enpresak, itzultzaileak eta zaleak. 2021. urtean argitaratutako bideo-jokoei so eginez gero, hauek askotariko generoetakoak direla ikusiko dugu. Gainera, euskara babesteko hemengo eta atzerriko enpresen eta zaleen komunitateen erantzukizuna azpimarratuko dugu."

Abenduak 7. Noraino automatizatu daiteke sorkuntza? Aitor Ormazabal - Hitz Zentrokoa.

"Adimen artifizialaren esparruan eman diren azken aurrerapenek, makinen sorkuntza gaitasunean ere izan dute isla. Gaur egun, makinek prosa, poesia, irudiak eta musika sortzeko gaitasuna dute. Hitzaldian zehar, gaitasun horiei buruz hitz egingo dugu: nola lantzen diren eta zer emaitza lortzen diren ikusiko dugu, hainbat adibide errealekin. Teknologia hauek euskaraz ere funtziona dezaketela ikusiko dugu eta zentzu horretan Hitz Zentroan egiten ari garen lanari buruzko zertzelada batzuk emango ditugu."

Abenduaren 8koak

Mahaingua, Sorkuntza digitala.

Planteatutako gaia: Zer behar dute sortzaileek, zer proiektu mota gerturatzen da. 13.30etatik 14.30etara, Landako gunean. Hizlariak: Oskia Ugarte Abarzuza (Uharte zentroa), Sahatsa Jauregi (Okela sormen espazioa eta Basilika/Berdela), María Mur Dean (Conssoni).

Arte praktika garaikideei lotuta digitalizazioak gizartean duen eraginaren inguruan ikertzen, pentsatzen eta sortzen dute artista askok. Baina bada ere lan horretan teknologia bera espresiorako bide bihurtu duenik. Egungo sortzaile askok behar dituzten baliabideak eta sorkuntza errazten duten espazioek behar hauetara zelan moldatzen diren ezagutu nahi dugu. Baita, zein proiektu mota gerturatzen den.

Itzal ipuinak Tailerra.

10:30 - 11:30 tartean. Kabia - Elkartegia.

Proiekzio batean itzal digitalak aktibatuko ditugu, itzal antzerkia bailitzan, grafitoz margoztatuko irudien bidez. Zein istorio aterako dira haurren buruetatik?

 

Erantzun

Sartu