Teknologia albisteak

Irailaren 11ko atentatuak: 20 urteko kronologia bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-09-11 : 08:25

Gaur beteko dira 20 urte 2001eko Irailaren 11ko atentatuena. New York-eko Dorre Bikiak bi hegazkin bahiturekin behera bota zituzten, eta beste bi hegazkin ere bahitu zituzten: batek Pentagonoa jo zuen, eta besteak ez zuen helbururik lortu, baina lurra jota bertan hil ziren hango denak ere, bahitzaile eta biktimak. 20 urteren buruan, 21. mendearen lehen hamarkada hauek markatu dituela ekintza hark argi esan dezakegu.

 

Atentatuen ondorengoaren kronologia batekin gogoratuko dugu guk urteurrena:

2001eko irailaren 12a. Euskaldunon Egunkariaren azal ikusgarria. Urtebeteren buruan Washington DC-ko National Press Club kazetari taldeak aukeratu zuen munduko egunkari azal bilduma batekin posterra egiteko, Orrialde ilunena Amerikako Estatu Batuen historian. Irudi hori aukeratu dugu artikulu hau ilustratzeko.

2001eko irailaren 20a. George W. Bush AEBetako presidenteak AEBak gerran daudela dio hitzaldi batean. Al Kaida identifikatzen du etsai argi bezala.

2001eko urriaren 7a. "Askatasun Iraunkorra" operazioa martxan jarri zuten Afganistanen orduan nagusi ziren talibanen aurka. AEBetako eta Erresuma Batuko hegazkinek Afganistan bonbardatu zuten. 20 urte iraun du Afganistango Gerrak.

2001eko urriaren 5a. Bideo batean, Al Kaidako buruzagi Osama Bin Ladenek poza agertu zuen I-11ko atentatuen aurrean, eta gerra santua (jihad) egiteko deia egin zien musulmanei.

2001eko urriaren 25a. AEBetako Senatuak "USA Patriot Act" izeneko legea onartu zuen. Legeak askatasunak murrizten zituen terrorismoaren aurka borroka egiteko. Botere hori erabili zuen harrezkero AEBko gobernuak, ez bakarrik lege honek egiten uzten zionerako, baizik eta espioitza elektroniko programa oso bat ezartzeko, zeina Richard Snowdenek agerian jarri zuen urte batzuk geroago.

2001eko abenduaren 6a. AEBek Kandahar indarrez hartu eta horrekin Afganistanen erregimen-aldaketa lortu zurten, bake iraunkorrik ez ordea. Talibanen burua (Omar Mula) eta Bin Laden ez zituzten topatu.

2002ko urtarrilaren 11. Lehen preso talibanak (eta ustezko beste islamista batzuk) iritsi ziren Guantanamoko espetxe estatubatuarrera (Kuba).

2002ko urtarrilaren 29a. Irak "herrialde gaizkileen zerrendan" sartu zuen Bushek, Iranekin eta Ipar Korearekin batera.

2002ko urriaren 12a. Yemha Islamiya erakunde terroristak (Al Kaidak Asiako hego-ekialdean zuen besoa) 202 pertsona hil zituen Balin, atentatu batean.

2003ko martxoaren 1a: Khalid Sheikh Mohammed, Al Kaidan atentatuak diseinatu zituen gizona, atxilotu zuten Pakistanen, eta laster AEBek hartu zuten kontrolpean. 2021eko irailean, Guantanamon jarraitzen duen 40 presoetako bat da; ez dute epaitu, ez du kondena ofizialik.

2003ko martxoaren 16a. Azoreetako bilera: George Bushek, Tony Blairrek eta Jose Maria Aznarrek ultimatuma eman zioten Sadam Husein Irakeko presidenteari, agintea utz zezan.

2003ko martxoaren 20a. AEBak eta Erresuma Batuak Irakeko Gerra hasi zuten. Operazioan, baina, ez zuten hartu parte Frantziak eta Alemaniak, gerraren aurkakoak baitziren.

2003ko apirilaren 9a. AEBek Bagdad konkistatu zuten, Irakeko hiriburua.

2003ko maiatzaren 1a. Bush presidenteak Irakeko "operazio militar nagusien" amaiera iragarri zuen. Oso iragarpen okerra izan zen.

2003ko abenduaren 13a. Sadam Husein atxilotu egin zuten.

2004ko martxoaren 11. Madril, M-11. Ekintzaile islamistek hamar bonba zartarazi zituzten lau trenetan. 191 pertsona hil zituzten, eta 1.841 zauritu.

2004ko apirilaren 28a. Hedabideetan publikatutako argazki batzuetan, soldadu estatubatuarrak agertzen dira Abu Ghraibeko espetxean (Irak) presoak torturatzen.

2005eko uztailaren 7a. Lau ekintzaile islamistak lau bonba eztandarazi zituzten Londresko metroan eta autobus batean. Ondorioz, 56 pertsona hil ziren (tartean lau terroristak) eta 700 zauritu.

2006ko abenduaren 30a. Sadan Husein exekutatu zuten Bagdaden, urkatuta.

2008ko azaroaren 4a. Barack Obama, AEBetako presidente, hauteskundeak irabazita. Guantanamo ixtea zen bere kanpainako aginduetako bat. Ez zuen bete agintaldiko 8 urteetan.

2010ko apirilaren 5a: Collateral Murder izeneko bideo bat eta informazio gehigarria zabaldu zuen Wikileaks-ek. Chelsea Manning soldaduak filtratu zion informazioa Wikileaks-i, eta 2007ko eraso estatubatuar bat dokumentatzen zen bertan, nola airetik hainbat irakiar hil zituzten operazio batean (zibilak eta kazetariak tarteko). Maiatzean Manning atxilotu zuten, eta zazpi urteren buruan askatu zuten.

2010eko urriaren 22a: Wikileaksek Irakeko War Logs dokumentu sorta askatu zuen; gerra hartako 2009 arteko biktima kopuru izugarrien berri ematen zuen. Azken bi filtrazioek haserre, Estatu Batuetako erakundeek Wikileaks-eko nagusi Julian Assange atxilotzeko asmoak azaltzen dituzte. Julian Assange Londresen dago aste horietan, eta Suedian aste batzuk lehenago izandako bortxaketa salaketa bategatik epaibideetan jartzen du justizia britainiarrak. 

2011ko martxoa, Sirian matxinada eta protesta politikoak hasten dira, "Udaberri arabiarraren" kontestuan. Laster alde anitzeko gerra bihurtzen da, tartean zenbait adar islamista daudela. Siriako gerra zibilaren hasiera da.

2011eko maiatzaren 1a. AEBetako Armadaren komando berezi batek Osama Bin Laden hil zuen Abbottabaden (Pakistan).

2011ko urriaren 20a. Muammar al Kadafiren heriotza, Libiako gerraren kontestuan. Udaberri arabiarraren zurrunbiloan, beste gerra bat hasi zen Libian udaberrian, NATOk herrialdea bonbardatu zuen eta zenbait talde errebelde osatu ziren. Gaddafi hil ondoren, gerrak jarraitu zuen, eta 2021ean herrialdeak zatituta jarraitzen du. 

2012ko ekainaren 19a. Julian Assange Londresko Ekuadorko enbaxadan sartzen da, eta babesa jasotzen du bertan. Assange beldur da britainiarrek atxilotu eta zuzenean Estatu Batuetara deportatuko ote duten. 2019ko ekainaren 11a arte egon zen enbaxadan: egun horretan, Ekuadorren baimenarekin, polizia britainiarrek atxilotu zuten eta harrezkero preso dago Ingalaterran.

2012ko irailaren 12a. Libiako gatazkaren baitako beste intzidente bat, Ansar al-Sharia talde islamistaren erasoa AEBen kontsulatura Bengazi hirian, zeinean AEBetako enbaxadorea hil zuten (eta beste 10 lagun). Gertaera honen ondorio bihurriak izugarri urruti iritsi ziren: Orduko AEBetako Estatu Idazkaria (atzerri ministroa) Hillary Clinton zen, eta eraso honetaz zekiena edo ez zekiena, ikerketa eta eskandalu luze baten hasiera izan zen, zeina bereziki Donald Trumpek aprobetxatu zuen Clintonen kontrako hauteskunde kanpainan, 2016an (tartean Wikileaks eta Errusiako estatuaren filtrazioak zeudela).

2013ko ekainaren 7a: zenbait egunkarik Edward Snowdenen filtrazioen emaitza argitaratu zuten, nola terrorismoaren kontrako gerraren aitzakian, zaintza elektronikoko sare global bat ezarri duten Estatu Batuek, Interneteko eta telekomunikazio enpresan laguntzarekin neurri handi batean. Bi asteko ihesaldi baten ondoren, Snowden Moskura iritsiko da ekainaren 26an. Errusian bizi da harrezkero.

2014ko maiatzaren 21a. National September 11 Memorial & Museum delakoa, Dorre Bikiak zeuden tokian irekitzen da, "memorial" edo oroipen zentro ofiziala.

2014ko ekaina. Talde islamiko ordura arte txiki batek, Irak eta Siriako gerretako barne-borroketan ofentsiba handi bat lortzen du, eta bi lurraldeen arteko kontrolpeko "estatu" bat sortzen du, "kalifato" erradikal bat: Estatu Islamikoa da, eta ISIS edo Daesh izenekin ere ezaguna da. Al Kaedarekin etsaitutako taldea da, eta hurrengo urteetan, ekintza "terroristak" gertatzean hainbat herrialdetan, ekintzaileek lotura estuagoa aldarrikatuko dute oro har ISIS honekin Al Kaedarekin baino.

2015eko urtarrilaren 7a. Charlie Hebdo aldizkari satiriko frantsesaren kontrako atentatua, bertako 9 marrazkilari eta langile hil zituzten egoitzan, bisitan zeuden beste bi lagunekin batera, eta polizia bat hil zuten gero kanpoan ihesean. Erasotzaile taldeko batek bahiketa bat egin zuen bi egun geroago Porte de Vincennesko denda judutar batean eta lau lagun hil zituen bertan.

2015eko azaroaren 13a. Atentatuak Parisen: Estade du France estadioan huts egin zuen eraso batek, baina jarraian Paris herrialdeko zenbait kale eta kafetegitan, eta batez ere Bataclan kontzertu aretoan jarraitu zuen eraso islamistak. 130 lagun hil zituzten.

2016ko martxoaren 22a. Bruselako atentatuak, hiriko aireportuan eta metro sarean: 35 hildako, hiru erasotzaile barne. Estatu Islamikoaren izeneko erreibindikazioa.

2016ko azaroaren 9a. Donald Trump-ek irabazi ditu Estatu Batuetako hauteskundeak. Herrialde musulmanetako gerrak (Afganistan, Libia, Siria, Irak...) gutxi inporta zaizkion presidente bat da, eta oro har, presentzia militarra gutxitzearen alde egiten du. 

2016ko uztailaren 14a. Kamioi batekin Nizan, Frantziako jai nazionalaren egunean, erasotzaile batek 86 pertsona hil zituen. Atentatu eredu berri bat ezartzen da Europan: erasotzaileak bakarrik daude, edo lagun taldeak dira, ez daude koordinatuta inongo erakunderekin, eta erasorako ere ez dute armetan sofistikazio gehiegi. Jihad dei orokorrari erantzuten diote.

2016ko abenduaren 19a. Berlingo kamioi harrapaketa, 11 lagun hil zituen Gabonetako merkatu batean erasotzaile bakar batek.

2017ko ekainaren 3. Londresko kaleetan, auto harrapaketa eta labainen bidez, hiru ekintzailek 8 lagun hil zituzten. Hiru erasotzaileak hil egin zituen poliziak.

2017ko abuztuaren 17a: Atentatua Bartzelonan (auto bat jendea harrapatzen), eta tiroketak eta hildako gehiago ondoren Cambrilsen, Katalunian. 15 hildako biktimen artean, eta 8 ekintzaile edo atentatugile hilda. Hasieran lehergailu bidez egin nahi zuten ekintzaren bat, baina leherkariak manipulatzen ari zirela eztanda egin zien bezperan (ustezko talde-buruzagia hilez, Ripolleko imam-a), eta ondorengoa inprobisazioa izan zen.

2019ko martxoaren 15a. Christchurcheko meskitetako sarraskia Zeelanda Berrian. Eskuin muturreko zuri supremazista batek musulmanen kontra egin zuen kasu honetan. 50 lagun hil zituen. Era honetako musulmanen kontrako erasoak, kasu honetan bezala, "otso bakartiei" leporatu izan zaizkie oro har, talde antolaturik ez balego bezala, baizik eta Internet bidez erradikaltzen diren banakakoak.

2019ko urriaren 27a.  Abu Bakr al-Baghdadi, ISISeko buruzagia, hil dutela iragartzen du Donald Trump presidenteak. Estatu Islamikoak ez du jada apenas lurralde kontrolik inon, eta egitura aldetik txikituta dagoela dirudi.

2020ko urtarrilaren 3a. Donald Trump-en agintepeko beste hilketa selektibo inportante bat Iraken, baina biktimak (Qasem Soleimani jeneral iraniarrak) ez du zerikusirik Al Kaida, ISIS edo talde islamiko erradikal sunitekin, baizik eta Irango eta Irakeko agintari musulman xiitekin. Badirudi antagonismoa Iranekin landu nahi duela Trumpek.

2020ko otsailaren 29a. Afganistango gerra konpontze aldera, talibanek eta AEB-ek akordioa sinatu zuten, AEBetako tropek Afganistan 2021ean utziko zutela adostuz (Trump presidentearen administrazioko Ben Wallace defentsa idazkariak sinatu zuen akordioa Dohan).

2021eko urtarrilaren 6a. AEBetako Kapitolioko istiluak; AEBetako erakunde nagusiei egindako erasorik handiena Irailaren 11tik, eta baita zuzeneko gertaeren telebista jarraipen hipnotikoena (seguruenik). Trump-en aldeko ultraeskuindarren hartu zuten Kapitolioa, Joe Bidenen izendapena oztopatzeko asmoz. Hautetsiak ezkutatu ez balira garaiz, auskalo zer egingo zuten zenbait buruzagirekin. Lau lagun hil ziren, eta Bidenen izendapena ez zen gelditu.

2021eko urtarrilaren 15a: Trump oraindik ofizialki presidente delarik AEBetan, jakinarazten da Afganistango presentzia militar estatubatuarra 2.500 lagunera murriztu dela.

2021eko uztailaren 21. Joe Biden AEBetako presidenteak Iraketik azken tropak aterako dituela iragarri zuen, 2021 amaierarako jarria dago epea.

2021eko abuztuak 6. Talibanen ofentsiba Afganistanen, probintzia bateko hiriburu kontrolpean ia 19 urteren buruan.

2021eko abuztuak 15, Talibanak Kabulen, erresistentzia nabarmenik gabe, Afganistango nagusi dira berriro.

Erantzun

Sartu