Teknologia albisteak

Xavier, izen euskalduneko polizia robota Singapurren

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-09-07 : 08:48

Portaera zibikoa zaintzen duen robot-polizia jarri du Singapurko kaleetan bertako gobernuak, eta euskal izena jarri diote: Xavier. Dirudienez ale bat garatu dute, eta hiru astez arituko da ingurune zehatz batean.

Xavierren lana ez da krimen larriak borrokatzea edo gaizkileak atxilotzea, baizik eta jarduera zibikoak zaintzea. Kameren bidez gauza omen da honako jokabideak detektatzeko:

  • Debekatutako inguruetan erretzea
  • Bizikletak gaizki aparkatuta
  • Baimenik gabeko salmenta/erakusketa mahaiak
  • Bost lagun baino gehiagoko bilkurak (Covid osasun neurriengatik, itxura batean)
  • Oinezkoentzako inguruetan motor-ibilgailuak

Halakorik igarritakoan, "mezu agerikoak" azalduko ditu Xavierrek, okerra egin duenak jakin dezan (hitz eginez, dirudienez), baina badaezpada polizia humanoei ere deituko die. Singapurreko zenbait erakundek garatu dute Xavier, batez ere Zientzia eta Teknologia Agentziak (HTX). Erakunde publiko horren arabera, Xavierrek oinezko polizia patruilak murriztu ditzake, eta gastuak murriztu.

Xabierrek ibilgailu txiki baten itxura da, baina handia da, pertsona bat baino garaiagoa, eta itxura dauka gauza dela jendea harrapatu eta zapaltzeko, kontuz eta soseguz ez badabil.

Strait Times-ek, Singapurreko egunkari nagusiak, azaldu du Xavier izen euskalduna dela, eta "etxe berria" esan nahi duela. Etimologia zuzena da: Xabierko Frantzisko, Asian katolizismoa zabaldu zuen josulagunaren izena etxe-berri formaren aldaera erromantze batetik dator.

Ez da Singapurren polizia-robotak kaleratzen dituzten lehen aldian. Beste modelo batek MATAR izena du, Multi-purpose All-Terrain Autonomous Robot. Hari buruzkoartikuluan ez dugu aurkitu gaztelaniaz zer esan nahi duen izenak.

Iaz Boston Dymamics etxearen Spot izeneko robot ale bat ere erabili zuten Singapurren, ustez distantzia soziala behartzeko pandemia garaian, bi asteko proba batean. Bideoak ikara pixkat ematen zuen:

Iazko ikusita, akaso pentsatu dute Spor txakurroidea baino hobe dela Xavierren eredu euskaloidea.

Erantzun

Sartu