Teknologia albisteak

Alaskako 'Kik' mamutaren ibilera harrigarriak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-08-13 : 09:50

Duela 17.000 urte bizi izan zen mamut baten bizitzako ibilerak mapa baten gainean berregin ahal izan dituzte. 70.000 kilometro egin zituela 28 urtean ondorioztatu dute, eta gainera nondik nora ibili zen ere bai, mapa baten gainean. Nola egin duten komentatzea merezi du, lorpen zientifiko zirraragarria baita.

Artikuluak Science zientzia aldizkariko azken aleko azala merezi izan du, eta ordainpekoa da (hemen lor daiteke). Hala ere, zenbait dibulgatzailek zabaldu dute bere muina.

Kik izena eman dioten mamut ar bat da protagonista. Bere hezurdura eta aztarnak Alaska iparraldean aurkitu zituzten, tartean bere elefante-hortz makur eta luzeak, ia bi metro luze zirenak. Hona nola tratatu dituzten hortz horiek ikerketa honetarako:

Elefante-hortzak jaiotzatik hazten dira (edo ziren) mamuten kasuan, eta hazkundearen une bakoitzak marka kimiko zehatz bat dauka: elikadurarekin jasotzen ditugun mineral isotopo zehatz batzuk geratzen dira gure hezur eta hortzetan, tokian tokiko mineral isotopoak, segun eta non egon garen.

Hona isotopoen printzipio hori azalduta euskaraz, beste ikerketa batean, "Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategiren kasuak". Kasu honetan Erdi Aroko euskal komunitate batzuen hezurrak azterturik, zein ingurunetan hazi ziren (eta zeun dieta motarekin elikatu, itsastarra edo barruragokoa) analisatu zuten euskal ikerlariek.

Alaskako mamutaren kasuan, Alaskako mineral isotopoen mapa bat zeukaten eskura ikertzaileek. Mineralen aztarna hori ohikoan uretara transmititzen da, eta ura zuzenean edanda edo belarjaleen kasuan janariaren bidez sartzen da gorputzean eta hezurretan. Hortaz, delako X mendietan igaro baduzu harutzaroa, X1 aztarna isotopikoa gehituko da zure hezurretan haurra zarela; baina nagusitan bizitzera joan bazara Y haranera, haran horretako Y1 aztarna isotopikoa gehitzen zaizu hezurretako kapa nagusiagoetan.

Hauxe, beraz, Alaskako duela 17.000 urteko mapa isotopikoa. Ikus mapan nola gaur itsaso azpian den Beringia eskualdea ere ikusten den; glaziazio garaian, Kik bizi izan zen aroan, itsasoaren neurria askoz beherago zegoelako.

Orduan, Kik mamutaren hortzetako hazkunde fase bakoitza aztarna isotopiko jakin batekin lotu ahal izan dute, mapa bateko puntu batekin. Adibidez, bi urte zituela, udaberri partean Z1 puntuan egon zela, eta neguan Z2 puntuan... Eta nola dakite batetik bestera joan zela?

Hori kalkulatzeko programa informatiko bat garatu dute: geografia (mendizerrak, glaziarrak), datu klimatikoak eta aztarna isotopikoak erkatuz, delako puntu batetik bestera nola joan zen mamuta simulazio batek eman du, bide ohikoen edo logikoenak izango zirenak marraztuz. Sofwtare puska hori, KikWalk izenekoa, askatu egin dute Github-en, hemen.

Emaitza, marra beltzez zeharkatutako Alaskako mapa hau da. 70.000 kilometro inguru, gaztetan eta nagusitan eginak batez ere.

Itxura batean, bizitzako azken urteak inguru murritzago batean igaro zituen Kikek, eta, artikuluaren arabera, litekeena da gosez hil izana azkenean, 28 urte zituela. Kontuan hartzeko datu bat: oso litekeena da garai hartan jada Alaskan gizakiak bizi izatea, egungo amerindiarren arbasoak.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago