Teknologia albisteak

Ura aurkitu dute Ganimedesen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-08-06 : 11:17

Lehendik ere susmoak zeuden arren, Hubble teleskopiari esker egindako azken ikerketak izan dira aukera hori baieztatu dutenak: Jupiterren satelite den Ganimedesen ura dago lurzoru izoztuaren azpian. 

Ganimedesek 5.276 km-ko diametroa du, eta Eguzki-sisteman dagoen satelite handiena da. Merkurio bera baino handiagoa da, nahiz eta masaren erdia ere ez duen, eta Eguzki-sistemako 9. objekturik handiena da. Jupiterren satelite handiena da, Jupiterrek dituenen artean 7. satelite urrunena, eta Galileoren satelitetako bat dela esan ohi da, Galileok aurkitu zuelako 1610. urtean.

Bere lurrazala silikatoz eta izotzez osaturik dago, biak ere antzerako proportzioan. Jupiterrek bere ilargiengan duen grabitateak beren nukleoak berotzen ditu, eta horregatik pentsatu izan da aspalditik, posible zela bero horrek lurrazalaren eta mantuaren artean ozeano likido bat sortzea. 

Aspaldiko susmo horiek baieztatu ditu Hubble teleskopioaren irudiekin egindako ikerketa batek. Ganimedeseko lurzoruan ur-lurruna aurkitu dute irudiotan eta horrek adierazten du lurzoru azpian ura dagoela. 'Nature Astronomy' aldizkarian argitaratu berri da albistea eta datuek baieztatu dute Ganimedesen ur likidoa dagoela. Ez lurrazalean, baizik eta azpirago, aurrez uste zen bezala. Ganimedesek duen tenperatura dela eta, bere lurrazalean dagoen ur guztia izoztuta dago, baina lurrazal izoztu horren azpian, 160 km-ko sakonerara, tenperatura altuxeagoa da eta, horri esker, ur hori egoera likidoan dago. 

Beste satelite batzuetan ere aurkitu izan dira antzeko ozeanoak lurrazal azpian, hala nola Europa satelitean.  Aurkikuntza hau ez da anekdotikoa. Izan ere, ozeano hauek bizitza izateko aukera ere bai baitago. 

ESAren (European Space Agency) hurrengo misio estrategikoetako bat Jupiterrerantz abiatuko da 2022an. Zazpi urteko bidaiaren ostean Jupiterrera iritsiko da 2029an eta Jupiterri buruzko ikerketa egiteaz gain, bere 3 satelite nagusien inguruko datuak ere jasoko ditu, besteak beste Ganimedesi buruzkoak. NASAren Juno misioak ere Jupiter hobeto ezagutzea du helburu. Bi kasuetan, planeta (eta satelite) izoztuen dinamika eta ezaugarriak hobeto ulertzea da proiektu hauen helburua, besteak beste, planeta hauek gizakion bizitzarako eskaini ditzaketen aukeraz aztertzeko.

 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago