Teknologia albisteak

Unibertsitate mailako liburuak idazteko 3.000 euroko 3 diru-poltsa lortzeko deialdia egin du UEUk

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-08-05 : 07:39

Unibertsitate-liburuen sorkuntza sustatzeko hiru diru-poltsa deitu ditu UEUk. 3.000 euroko hiru poltsarako deia egin du UEUk eta proposamenak jasotzeko azken eguna urriaren 10a izango da. Xehetasun guztiak hemen dituzu: Unibertsitate-liburuen sorkuntza sustatzeko diru-poltsak 2021eko deialdia.

Udako Euskal Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, euskarazko unibertsitate-liburuen sorkuntza sustatzeko hiru diru-poltsaren deialdia zabaldu du.

Ikasmaterialen esparrua unibertsitateko edozein jakintza-arlotakoa izan daiteke. Honako hauek dira UEUren sailak: antropologia, antzerkilaritza, arkitektura, artea, bertsolaritza, ekonomia, filosofia, fisika, glotodidaktika, historia, hizkuntzalaritza, ikasketa klasikoak, informatika, itzulpengintza, kazetaritza eta komunikazioa, kimika, fisika, klimatologia eta meteorologia, literatura, matematika, musika, natur zientziak, osasuna, pedagogia, psikologia, sexualitatea, soziologia, soziolinguistika, zuzenbidea, kultura-gaiak, folklorea eta gastronomia. Baina beste unibertsitate-arlo batzuk ere onartuko dira (ingeniaritza, filologia, geografia...).

Deialdi hau autore ororentzat dago zabalik, baina orain arte testugintza unibertsitariora hurbildu ez direnen lana sustatu nahi da batik bat, autore unibertsitarioen esparrua ahalik eta modurik zabalenean egituratzen joan dadin, idazle arituen lanari gazteena gehitu dakion. Hartara, bereziki baloratuko dira hala autore gazteen lan-proiektu indibidualak nola talde-proiektuetan autore gazteak integratzeko ahaleginak.

Informazio guztia UEUren webgunean aurkituko duzue, baina hementxe informazio interesgarriena:

Poltsaren ezaugarriak

1.1. Proiektua, lan-jarduerak oro eta lanaren erredakzioa euskaraz burutuko dira.

1.2. Poltsa bakoitzaren iraupena gehienez 12 hilabetekoa izango da, poltsa esleitzen den egunetik hasita (salbuespenak onar ditzake epaimahaiak, egileek hala espresuki eskatuta).

1.3. Poltsa bakoitzaren diru-zenbatekoa 3.000 eurokoa izango da.

1.4. Lanek argitaratu gabeak izan behar dute.

1.5. Autoreak berak erabakiko ditu jakintza-arloa, titulua eta edukiak.

Eskatzaileak

2.1. Norbanakoek nahiz lan honetarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dituzte poltsak. Bigarren kasu honetan, lanaren zuzendari edo arduradun bat izendatu beharko da eta hori izango da lanaren erantzulea UEUren aurrean.

2.2. Poltsa jaso ahal izateko ezinbestekoa da unibertsitateko diplomatua, maila bereko tituluduna edo goi mailako tituluduna izatea. Taldeen kasuan, zuzendariak eta gutxienez taldekideetako erdiek bete beharko dute baldintza hori. 

Dokumentazioa aurkezteko epea

Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2021eko ekainaren 1etik urriaren 10era arte egongo da zabalik, biak barne.

Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe dagoela edo oinarri hauetan eskatutako baldintzak ez dituela betetzen ikusiz gero, hamar eguneko epean konpontzeko edo beharrezko agiriak ekartzeko eskatuko zaio interesatuari. Hala egingo ez balu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago