Teknologia albisteak

Pandemiaren urteak euskal hedabide digitaletan izan zuen eragina

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-08-15 : 11:15

Uztailean argitaratu genuen Euskal Hedabideen 2020ko urtekaria kaleratu zela. Euskal Hedabideen Behategiak argitaratutako lanean, hedabide digitalek pandemiaren lehen urte berezi horretan bizi izandakoaren analisi bat zegoen, eta horren puntu nagusi batzuk dakartzagu gaur hona.

Nabarmentzen dena da Hekimen elkarteko webguneetan 2020an trafiko gorakada handi bat gertatu zela. Datu biribil bat: 40 milioi bisitako langa gainditu zen 2020. urtean, hain zuzen ere 40.805.565 saio egin baitira webgune guztien artean. Aurreko urtean baino % 43 gehiago.

Datuen analisi zehatzago batetik, ondorioztatzen da 65 mila erabiltzaile inguruk bisitatzen duela, gutxienez egunean behin, Hekimen elkarteko webguneren bat.

Datu hauek badute erlaziorik pandemiarekin eta 2020ko martxoan hasi zen itxialdi luzearekin? Bai, dudarik gabe. Baina interes gorakada edo webguneetarako arreta handiagoa 2020ko otsailean hasi zen. Gero, itxialdearen asteetan trafikoa oso goitik egon zen, baina ondoren, aurreko urteetan baino interes handiagoa gorde zuten webguneek. Ikus grafikoa:

Txostenean nabarmentzen denez: "Aurreko hiletik dator igoera, egia esan, otsaileko trafikoa ere aurreko urtekoa baino % 31 handiagoa izan baitzen. Martxoan, ordea, aurreko urtekoa ia bikoiztu egin zen: % 80 igo zen saio kopurua. Ekainetik aurrera, % 40 inguruko igoerarekin eutsi zitzaion hortik urte bukaerara arteko hilabete guztietan". Gure ondorio gehigarri bat da, interesa ere egon dela euskarazko hedabide digitalek zer kontatzen zuten, ez bakarrik denbora gehiago etxean itxialdiaren garaian (hori ere bai, noski, orduan izan baitira bisita gehien; baina gerora ere trafikoak goitik iraun du).

Hala ere, beste ikuspegi bat ere nabarmentzen da txostenean. Hekimeneko medio euskaldunak asko hazi dira, baina are gehiago hasi dira, ez bakarrik pandemiaren kontestuan baizik eta azken 5 urteen analisi batean, beste hedabide digital batzuk, Euskal Herrian erdaraz ari direnak eta datu kontrastatuak dituztenak barne. Hona bi grafiko esanguratsu:

NGIP eta NNAV dira Noticias de Gipuzkoa eta Diario de Noticias (Nafarroa) egunkarien webguneak, Deiarekin batera Noticias taldea osatzen dutenak. Hedabide hauen datuak ageri dira, eta baita EITBrenak, baina ez Vocento taldekoenak edo beste batzuenak, lehenek OJD erakundearen bidez datuak publikoki fiskalizatzen dituztelako.

Txosten osoa (eta urtekariko gainerakoak irakurtzeko), hemen: 2020ko Behategiaren Urtekaria (PDF formatuan).

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago