Teknologia albisteak

Rikardo Arregi sarien 2021eko ediziorako deialdia ireki da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-08-21 : 09:40

Rikardo Arregi kazetaritza sarietara proposamenak aurkezteko epea irailaren 17ra arte dago zabalik. Aurtengo edizioak leitmotiv nagusi bat da: Martin Ugalde idazle eta kazetaria (Arregiren herri berekoa zen, Andoaingoa) jaio zela 100 urte betetzen baitira. 2021eko RAKS sarien edizio hau historiako 33.a izango da.

Azken urteetan bezala, aurten ere bi sari izango dira: “Kazetaritza saria” eta “Komunikazio saria”. Gainera, finalistak ere izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez. Alor bakoitzeko saria 9.000 eurokoa da.

Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) irailaren 17ra bitartean aurkez litezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko. Irabazleak nortzuk diren azaroaren 25ean jakingo da.

Epaimahaia ondorengoek osatuko dute:

  • Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea),
  • Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea),
  • Maite Goñi (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua),
  • Elixabete Larrinaga (UEHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea),
  • Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea),
  • eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua).
  • Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Alexander Huitzi.

2020ko ekitaldiko irabazleak izan ziren: komunikazioaren alorrean Egunean Behin joko-aplikazioa, eta kazetaritzakoan Osasun Etxea Euskadi Irratiko saioa.

 

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu