Teknologia albisteak

Euskararentzako hizkuntza eta gizarte berrikuntzarako laborategia izango da Badalab

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-07-24 : 09:59

Aste honetan aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Badalab izango dena: Euskararentzako hizkuntza eta gizarte berrikuntzarako laborategia. Uztailaren 21ean partzuergo bat osatu zen formalki erakunde berria kudeatzeko, eta gobernu batzorde bat ere onartu zen horrekin batera.

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan garatutako proiektu bat da, 2018tik ari da gorpuzten, eta udazkenean publikoki ere aurkeztu eta kokatuko da egoitza batean, Errenteriako Torrekuan.

Foru aldunditik honela aurkeztu dutenez, "Euskara biziberritzeko, hizkuntza eta gizarte berrikuntzarako laborategia da. Gure hizkuntzarentzat aukera berriak atzeman, horiei eragin eta prototipoak proposatuko dira. Hizkuntza teknologiarekin esperimentatzea da ardatzetako bat".

Hiru dira Badalabi markatu zaizkion helburuak:

  • Euskararen ekosistema eraberritu.
  • Gizartean proposamen ausartak egin.
  • Narratiba berriak eta bizipen zirraragarriak sortzea.

Euskararen ikuspegitik landuta ere, Badabalen bultzatzaileek uste dute egitasmo aitzindaria izango dela nazioarteko mailan. Asmoa da hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanean diharduten guztientzat erreferentzia izatea Badalab.

Badalaben bultzatzaile nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia izaki, beste zenbait erakundek ere parte hartzen dute bere egituran, osatatutako partzuergoaren bidez: EITB, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Errenteriako Udala, Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra, EHU, ArantzazuLAB delakoa, Langune hizkuntza industrietako elkartea eta Euskaltzaindia.

Informazio gehiago, Badalaben partzuergoaren parte den Soziolinguistika Klusterraren webgunean.

Erantzun

Sartu