Aste honetan bi egunetan, batean 50, eta gero beste 30: 80 baliabide, urrats, ekimen "bizitza euskaraz ospatzeko", bere biltzaileak egin duena. Txerra Rodriguez soziolinguistak Twitterren egin duen bilduma bat da. Izenburu alternatiboa okurritu zaigu: Euskararen munduari itzulia 80 proiektutan.
Hemen Rodriguezen bi hariak:
Lauregoi proiektu dira eta ez ditugu denak hona kopiatuko. Aukerako batzuk, teknologikoak bereziki (baina ez esklusiboki), zerrenda osoa Rodriguezek berak konpilatu baitu bere blogean.
Game Erauntsia. 2014an sortu zen euskarazko bideo-jokoen kopuru eta hauei lotutako edukien eskaintza urriari aurre egiteko. Horregatik hasieratik oinarrizko helburua bideo-jokoak eta euskara uztartzea izan da.
Dinamoa (duela gutxi irekitako sormen gunea). Euskaratik eta euskaraz sormen lanketa dakar dinamoak, lau diziplinatan: hitza, irudia, gorputza eta soinua.
Librezale. Software librea euskaratzen duen talde irekia da, sarea da eta orain gutxi 18 urte bete ditu. Nabigatzaileak, irudiak manipulatzeko programak, posta zerbitzuak, sare sozialak, P2P sareak, multimedia, hezkuntzarako programak eta abar.
Armiarma. Sareko liburutegi zabala da armiarma, baina, era berean, entziklopedia ere bada. Gaur eta hemen ez dugun liburutegi nazionalari zerbait hurreratzen bazaio, hori armiarma dugu.
Bertsozale elkartea. Bertsolaritza zaindu, sustatu, ikertu, transmititu eta etorkizuna bermatu: horiek dira euren helburu nagusiak. Autonomiaz eta mugimendu sozialen tankerara antolatua du bere burua elkarteak eta fruitu emankorrak izan ditu historian zehar
PuntuEus Fundazioa. Nazioarteko aitortza ematen dion domeinua dugu puntueus, euskara eta euskararen herriari ikusgarritasuna emateko.
Euskal Moneta. Ipar Euskal Herriko tokiko moneta soziala. Trantsizio ekologikoaren alde egiten du baita euskararen alde ere. Sarean sartzen den profesional orok euskararen aldeko erronka bat hartu behar du. Adibidez, 250 saltegik jarri duten seinaletika bi hizkuntzatan. (Ekimen honen emaitza, Euskoa, pantaila irudian ageri da aukeratu dugun ilustrazioan)
Egunean Behin. Tribial estiloko mugikor bidezko jokoa da hau. Itzelezko arrakasta lortu du; esate baterako, 2021eko finalean 20.000 pertsona batera aritu ziren jokoan.
Euskal Encodings euskarazko film eta telesailak doan eskaintzen dituen irabazi-asmorik gabeko komunitate irekia da. Ehunka fim, telesail eta abarrak daude hor eskegita, zuek noiz ikusteko zain (azpititulatuak edo doblatuak). (...)
Azpitituluak.eus (aurrekoari lotuta...) Baina horiek ikusi ahal izateko, askotan film edo telesail horiek azpititulatu behar dira. Auzolanean eta modu boluntarioan egin nahiko baduzu, azpitituluak izeneko webgune honetan badituzu hori egiteko argibideak eta ikusteko argibideak.
Wikipedia euskaraz. Biltegi nagusirik bada, hori da, hain zuzen ere, euskarazko wikipedia. Entziklopedia libre, kolaboratibo eta parte hartzailea, eta mugimendu handikoa, eta txikipedia umeentzako, eta abar.
Aiaraldeako Ekintza Faktoria. Gartzen Garaioren berba hauek ederto laburtzen dute: “Ohartu ginen ez zela nahikoa euskalduntzeko egiten ari ginena eta bizitzaren esparru guztietan ekimen eraldatzaileak abiatzea erabaki genuen, proiektu integral batean eta burujabetza printzipiotik”.
Booktegi. Euskarazko hainbat liburu duen webgunea da booktegi, denak modu digitalean eta doan. Argitaratzeko eta liburuak irakurtzeko modu ezberdin bat.
Dantzan.eus. Herriz herri euskaraz aritzeko aukera eskaintzen duten espazioak baitira dantza taldeak, eta Dantzan elkartea dantzazaleen komunitate euskalduna baita finean.
Ikerbiltza. Euskal Herriko unibertsitateetan sortzen den ezagutza eta jakintza herrien garapenerako mesedetan jartzeko asmoa duen proiektua da Ikerbiltza.
Tropela.eus. 2005ean sortu zen. Txirrindularitza du ardatz webgune honek eta porrak antolatzen ditu, besteak beste, txirrindularitza proba nagusietan. Euskara hutsez sortu arren, gaur egun beste hizkuntza batzuetara itzulita dago, galiziera, katalana eta asturiera euren artean.
Erantzun
Sartu