Teknologia albisteak

Dinamoa sormen gunea inauguratu dute Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-06-18 : 13:18

Dinamoa sormen gunea fisikoki inauguratu da gaur Azpeitian. Dinamoa sortu duen Kulturaz Kooperatibako kideak eta erakundeetako ordezkariak izan dira bertan. Badira urte pare bat ekimen desberdinekin ari dela lanean Dinamoa; hemen aurkeztu izan ditugu DAPA bideo sorta edo Hitzaren Eskola izeneko formakuntza interesgarria; baina orain sormen proiektu gehiago bultzatzeko espazio fisikoak ere izango ditu.

Esplikatzea interesgarri suerta daiteke eta, proiektuaren genealogia laburtuko dugu jarraian:

Badira urte batzuk sortu zela Azpeitiko Kultur Mahaia herriko hainbat elkarteren artean, Azpeitian kultura bizitza hauspotzeko asmoz. Mahai horren umea, Kulturaz Kooperatiba da, non Kultur Mahaiko elkarteak, kooperatiba langileak, azpeitiarren batzuk indibidualki eta testimonialki Udalak ere parte duelarik.

Kulturaz Kooperatibak kudeatzen ditu herriko azpiegitura batzuk, hala nola Soreasu Antzokia eta Sanagustin Kulturgunea. Eta horiekin ari zela, beste hausnarketa bat egin zuten: espazioak badaude orain herrian kultura jarduerak erakusteko; sormena eta transmisioa sustatzeak behar du izan horren osagarria. Eta hortik Dinamoaren proiektua.

Fisikoki, Soreasu antzokiaren eraberritzean eraiki zen espazio/eraikin gehigarrian tokia hartuko du Dinamoak. Bideo honetan, espazioaren aurkezpena eta bertako jardueren printza batzuk:

Kulturaz kooperatibaren ekimen hau erakundeek ere babesten dute, eta gaurko aurkezpenean izan dira horien ordezkariak: Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua.

Dinamoa Interneten ezagutzeko, webgunea https://dinamoa.eus/ eta Twitterren: @Dinamoaaa

 

Erantzun

Sartu