Teknologia albisteak

'Batuz Aldatu' dokumentuko edukia gizarteratzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-06-26 : 14:00

Gaur zortzi, joan den larunbatean, aurkeztu zuen Kontseiluak, hainbat eragilerekin batera, bere ekimen berria, Batuz Aldatu dinamika. Kontseiluak PDF eran bakarrik banatu zuen dokumentua, eta testu soilera ekartzeko lana hartu dugu. Hain zuzen ere, sinatzaileek konpromisioa hartu dute dokumentuan "jasotako edukia gizarteratzea, ahalik eta herritar sektore zabalenera helaraziz eta horien aldekotasunak lortzeko ahalegina eginez"; eta Sustatu, zeharka, Hekimen elkartearen bidez sinatzaile delarik, ba horra gure ekarpentxoa. Edukia formatu gizarteragarriago batean argitaratu dugu hemen (PDF-a inprimagailuetara bidaltzeko formatua da, hori ere ondo dago, baina testua kopi-pegatu eta pasatzeko, edo mugikorretik kontsultatzeko, HTML edo testu soila hobeto).

 

Hona beraz, Batuz Aldatu dokumentuaren testua.

Atarikoa

Jauziez ari gara azken hilabeteotan behin eta berriro. COVID-19ak mundu osoa astindu du, guztion zaurgarritasuna eta interdependentzia agerian utziz, eta hainbat eremutatik aldarrikatzen ari da etorkizunari begirako erronka berriak zehaztu behar direla, eta ondorioz, politikek norabidetze berriak behar izateaz gain, horietan eragiteko jauziak egin behar direla.

Pandemiak astindu aurretik ere, Euskalgintzaren Kontseiluak esana zuen euskalduntze prozesuak beste fase batera igaro beharra zuela, eta horretarako, hizkuntza-politikak berrikusi eta birpentsatu behar genituela. Bada, krisiak irakatsi digu bide hori inoiz baino beharrezkoagoa dugula. Hartara, geurean ere, jauzia egiteko garaia dela berresten dugu.

Lehenengo jauzia iazko abenduan egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluak bere asmoak iragarri zituenean. Orduan, eremuz eremuko eragileen babesa lortuz, euskararen erabilera erosoa bermatzeko baldintzak sortzeko hizkuntza-politikak bultzatzeko nahia agertu genuen. Are gehiago, etorkizunari begira hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun berriak eraiki beharra ezinbestekotzat jo genuen, hizkuntzaren afera erantzukizun partekatua delako. Eta, adostasun horiek erdiesteko lehen proposamena jarri genuen mahai gainean.

Ondorengo jauzia hasierako proposamen horren zabalkundeari lotu zitzaion, eta zenbait hilabetez, Euskalgintzaren Kontseiluak etxe barruko zein kanpoko askotariko hamarnaka eragilerekin partekatu ditu adostasunak eraikitzeko asmoa ez ezik, horri lotutako proposamena ere. Gainera, harreman horiek guztiek eragileen ehun ekarpen inguru ekarri dute, eta beraz, hasieran mahai gaineratu genuen proposamena are osoagoa dela esan dezakegu.

Bagoaz orain hurrengo jauzia egitera. Hain zuzen ere, hizkuntza-politiketan eragiteko oinarrizko proposamen honekin bat egin dezaketen eragileei gonbidapena egitera. Finean, eragileak batu nahi ditugu asmo honetara, ahalik eta adostasun sozial zabalena izango duen proposamena aurkeztea baita gure asmoa.

Eta, noski, honek guztiak ekarriko du etorkizun laburrean benetako jauzia eman ahal izatea. Eragileak proposamenaren inguruan batzeko asmoa dugu, baina batasun horretatik gure azken xedeari ekin nahi diogu, aldatzeari hain zuzen. Hizkuntza-eskubideen bermea ardatz izango duten politiketan eragiteko urrats bateratuak egin nahi ditugu; eta hori guztia eragileen adostasuna oinarri: batuz aldatu.

Kokapena

Aurrera egiteko garaia da: denon hizkuntza-eskubideen alde, gizarte kohesioaren alde, euskararen alde. Euskal hiztunen eskubideek bermatu gabe jarraitzen baitute, hiztunen arteko desoreka eta desberdinkeria nabarmenarekin. Izan ere, euskal hiztunentzat nekeza da eguneroko jardun sozial oro euskaraz egin ahal izatea, erosotasunez eta bazterketarik gabe. Eta euskalduntzeko bidean direnek ere hamaika zailtasun izan ohi dute. Berme-neurririk gabe, zaurgarrienen kaltetan egiten baitu balantzak: hizkuntza-komunitatearen eskubideen galeran.

Egoera hori are nabarmenagoa izan da pandemian. Lehendik zetozen auziak gordindu besterik ez ditu egin, eta inoiz baino begi-bistarago geratu da euskarak eta hizkuntza eskubideek bizi duten impasse-a. Hizkuntza politikak berrikusi, indartu eta jauzi berri bat egiteko garaia da.

Azken hamarkadetan asko ikasi eta ikusi dugu hizkuntzaren garapenerako estrategiez, soziolinguistikaz eta hizkuntza-politikez. Aurrerapen garrantzitsuak gertatu dira horiei esker; eskumena duten eremuetan, batik bat. Baina jada ez da aski. Hala erakusten dute, esaterako, 2011 eta 2016ko inkesta soziolinguistikoaren eta Kale Erabilera neurketen emaitzek: Datuek erakusten dute indarrean dauden hizkuntza-politikek bide bat egin dutela, baina jauzi berriak egiteko hizkuntza-politikak eguneratu eta berritu behar direla, adostutako helburuen lorpenerako eraginkor eginez.

Jauzi egin behar da horregatik. Gaur egungo hizkuntzapolitiken langa gainditu behar dugu. Eta gizarte eragileok badugu zer esana eta egina. Gizarte osoa zeharkatzen duen auzia delako hizkuntzarena: harremanen oinarria da, eta eremu guztietan gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza praktikak.

Hori dela eta, gizarte-eragileok erantzukizunez jokatu behar dugu. Norbere esparru eta harreman sareetatik jardunez eta eraginez, denon eskubideak bermatzeko urratsak egin behar ditugu. Gizarte berdinzaleago eta kohesionatuagoa lortzeko giltzarria baita.

Dokumentu honek horretarako bultzada izan nahi du. Hurrengo bi hamarkadatan jauzi berriak emateko aukera dugu eta jauzi horiek eman ahal izateko hainbat proposamen jaso ditugu dokumentuan.

Adostu dezagun eragileok bide-orri berria: erantzukizunak partekatuz, konpromisoak hartuz, esatetik egitera pasatuz.

Eraginez. Adostasun sozialak ahalbidetuko baitu hizkuntza-politika berri eta eraginkorrago bat osatzea. Balia dezagun horretarako dokumentu hau. Izan dadila bide berri baterako bultzada.

Printzipioak

Dokumentuko sinatzaileok honako irakurketa amankomunetik abiatzen gara, eta geure egiten ditugu ondoren adierazitako printzipioak:

Bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko, beharrezkoa da hizkuntza-eskubideak errespetatzea eta bermatzea. Berdintasuna gizarte berri bat eraikitzeko parametroetako bat izango bada, bereizkeria alboratu eta berdintasuna bermatzeko politikak abian jarri beharko dira, bai eta egoera gutxituan dagoen euskal hizkuntza-komunitateari dagokionez ere.

Hizkuntza-politika beti egiten da, saihestezina da. Kasu guztietan dago presente hizkuntza-politika, beti eta gai guztietan egiten da, aitortuta edo ez, agerian nahiz oharkabean. Hortaz, egungo hizkuntza-politikaren inguruko neurririk ez hartzea ere, egungo egoera mantentzearen aldeko hizkuntza-politika egitea da, baita gainerako politiketan euskaldunak aintzat hartzeko hizkuntza-irizpide egokiak ez hartzea ere. Horrekin batera, administrazio eta erakunde guztiek egiten dute hizkuntzapolitika, alderdietatik sindikatuetaraino, hedabideek, kirol taldeek, era guztietako elkarteek… finean, gizartean eragina duen edozeinek, izan talde zein ez.

Hizkuntza-politika zeharkako politika publikoa da. Euskararen normalizazio-prozesua zeharka landu beharrekoa da: industrian, lurralde-antolaketan, aisian… Politika guztietatik egiten da hizkuntza-politika, eta erabaki ia guztiek dute lotura hizkuntza-politikarekin, udaletatik administrazio orokorreraino.

Hizkuntza-politikak orekatua izan behar du. Gizarteko sektore edo jardun jakin batean soilik euskararen normalizazioaren alde eginez gero, desorekatu egiten da prozesua, eta eraginkortasuna galduko du, partez edo guztiz. Ezinbestean, sektore eta sail guztietan eragin behar da, alor batean irabazitakoa muga (eta gal) ez dadin eta bestelakoetara ere heda dadin.

Normalizazio-prozesua soziala eta politikoa da. Normalizazio-prozesuaren dimentsio politikoa eta soziala estuki erlazionaturik daude. Hortaz, herri ekimenak eta ekimen politikoak norabide berean egin behar dute bidea.

Normalizazio-prozesuak progresiboa izan behar du. Hizkuntza-politikak kontuan hartu behar ditu lortu nahi duen helburua eta zein errealitatetik abiatzen den. Horregatik, behar-beharrezkoa da eremu soziolinguistiko eta administratibo bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako prozesua irudikatzea.

Hizkuntza-politika Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aintzakotzat hartuta garatu behar da. Euskararen biziberritze prozesua, Euskal Herriko ehundik gora hizkuntzen testuinguruan kokatu beharra dago, gizarte eleaniztun askotarikoan. Bertako hizkuntza guztiak balioan jarri eta hauen kudeaketa euskararen biziberritze prozesurako indargarria izan dadin, politika orokorrak garatu beharra dago.

Normalizazioa prozesu adostu gisa ulertzen dugu. Zenbat eta adostasun gehiago izan, orduan eta prozesu azkarragoa izango da. Horregatik, hizkuntza-eskubideak bermatzeko adostasun sozialak eta politikoak eraiki behar dira. Hizkuntza baten normalizazio-prozesuan, eta justizia ardatz izango dituen gizarte baten eraikuntzan, uste dugu hizkuntza-eskubideen bermeak oinarrizkoa izan behar duela. Horregatik, hizkuntzaeskubideak adostasunerako oinarrizko orubetzat hartu beharko dira.

Helburua

Hona xedea laburbilduta:

Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea da helburu nagusia. Horretarako, hizkuntzaeskubideak eremu guztietan bermatu beharko dira, hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik izan.

Erabilera erosorako baldintzei buruz ari garenean, zera esan nahi da: herritarrak ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izango dituela, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertua sentitu gabe.

Hortaz, agertoki horretan hizkuntza-eskubideak bermatuko dira, eta euskaraz duintasunez bizi ahal izateko baldintzak beteko dira. Finean, bazterkeriak alboratuko dira; egiturazkoak edo legezkoak ez ezik, baita ekonomikoak, sozialak edo kulturalak ere, agerikoak zein inplizituak. Izan ere, bazterkeria horiek hiztun-komunitatearen duintasunaren aurkako erasotzat joko dira, euskaraz bizi nahi duenarentzako zangotrabatzat.

Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Eskubide den heinean esparruz esparru berau gauzatzeko erabakiak eta baliabideak eskatu behar ditugu.

Gaur-gaurkoz, oraindik, ez dira baldintza egoki horiek betetzen, eta, beraz, horiek sortzea izango dugu helburu.

Norabide eta lehentasunak

Euskararen erabilera kate luze baten katebegi gisa irudika genezake. Izan ere, erabilera hori gauzatu dadin, aurreko baldintza horiek guztiak bete beharko dira; elkarri kateatuta datoz. Eta, era berean, erabilerak ere eragingo die gainontzeko katebegiei. Horregatik diogu euskararen erabilerarako funtsezkoak direla katebegi guztiak behar bezala osatuta egotea. Euskararen garapena kate oso legez ulertu behar delako, katebegiek elkarri eragiten.

Erabilera erosora igarotzeko, ordea, bi mailatako baldintzak hartu behar dira gogoan: maila indibidualekoak eta maila kolektibokoak.

Maila indibidualeko baldintzak: norbanakoen erabilera erosoan zuzenean eragiten duten aldagaiak dira; hain zuzen ere, hizkuntza erabiltzeko konpetentziari lotutakoak.

Hau da, testuinguruari egokitutako ezagutza, gaitasun eta jarreren konbinazioari lotutako konpetentziak dira (erabiltzen jakitea, erabili nahi izatea eta erabili ahal izatea).

Horien artean garrantzia berezia du euskara erabiltzeko gaitasun egokia izateak, alegia, euskara eroso erabili ahal izateko behar besteko gaitasuna izateak.

Hori bakarrik ez, euskara erabiltzeko nahia ere izan behar du hiztunak. Horrek motibazioen esparrura garamatza.

Esparru horretan bi motibazio-mota landu beharko dira: motibazio afektiboa eta motibazio pragmatikoa (instrumentala).

  • Motibazio afektiboaren kasuan, komunitatearen pertenentzia, identitatea, euskararekin izaniko gozamenezko bizi-esperientziak eta abar luzea landu beharko dira. Horrek esan nahi du hizkuntzaren eta kulturaren arteko hariak egoki josi beharko direla, eta jendea euskal kulturan murgiltzera bultzarazteaz gain, motibazio hori lantzeko etengabeko sentsibilizazioeta komunikazio-estrategia egokiak garatu beharko direla. Halaber, horrek euskaltzaleak ez direnen jarreretan eragitera eraman behar gaitu besteak beste. Horrela, euskararen prestigioa handitzeko asmoz euskaltzaleak ez diren eta euskararekin harremanik ez duten herritarrak aktibatzeko bideak ere landu beharko dira.
  • Motibazio pragmatikoa estuki loturik dago norbere garapen pertsonalean eta profesionalean euskaraz hitz egiteak ekarriko dizkion onurekin. Hortaz, zerikusi handia izango dute horretan instituzioetatik garatzen diren politika publikoek, bai eta pribatuek ere.

Maila kolektiboko edo egiturazko baldintzak:anitzagoak eta askotarikoagoak dira: elebidunen dentsitatea eta kontzentrazioa, erabilera babesteko/ sustatzeko arau eta politikak, … Horiei aldez edo moldez lotzen zaizkie, beraz, proposamen politiko honetan jasotzen diren ekarpen guztiak. Hor ere badaude maila transzendentala edo balio konpartituek ematen dituzten baldintzak: gizarteak orokorrean euskararekiko duen balorazioa eta euskararen prestigioa, besteak beste pertsona erreferentzialen euskararen erabilera, gizartean erreferentzialak diren eragileek euskara kokatzen duten tokia, hedabideetan euskarak duen espazioa…

Horiek esanda, eta euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea jomuga izaki, bi ardatz nagusitan koka dezakegu helburu hori lortzeko norabidea. Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko da, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Eta, bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko dira, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.

1. EZAGUTZAREN UNIBERTSALIZAZIOA

Herritarren euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da euskararen erabilera erosorako. Edonork, edonon, euskara erabiltzeko eragozpenik izango ez badu, ezinbestekoa da elkarrizketako partaide guztiek euskaraz gaitasun nahikoa izatea. Eta, erabilera eroso hori edonork egin ahal izango badu, horretarako behar besteko gaitasuna izan beharko du; ez dadin beste hizkuntza batean baino deserosoago sentitu euskaraz hitz egiteko garaian.

Norabide horretan, ezagutzaren unibertsalizazioa lortu artean, lehen urrats gisa, ulermena unibertsalizatzea garrantzitsua izango da, euskaraz aritu nahi duen orok edozein egoeratan eta edozein solaskiderekin hizkuntzahautua gauzatu ahal izateko.

Ondorioz, ezagutza unibertsalizatzeko iturri eta baldintzetan jarri beharko da arreta: hezkuntza sisteman, helduen euskalduntzean eta hizkuntza-transmisioan edo -sozializazioan. Esparru horiei begirako politiketan jauzia egin beharko da:

  • Hizkuntza-sozializazioari dagokionez, ezinbestekoa izango da horri berariaz erreparatzea. Hau da, familia arteko transmisioaz gain, haur eta gazteen arteko elkarrekintzak, arau sozialak, kodeak, hierarkiak… halakoak ere kontuan hartu beharko dira, besteak beste.
  • Hezkuntza-sistemak, bestalde, ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko zutabe izaten jarraitzen du. Bertatik etorri da azken urteotako euskalduntze emari nagusia, baina emari horrek izan ditu mugak eta zailtasunak; zenbait ingurune soziolinguistikotan bereziki. Euskaraz eroso arituko diren ikasleak hezteko, murgiltze eredua, ikasteredu orokor gisa ezarri behar da. Inor bazterrean utziko ez duen eredua izan beharko du, eta gutxien duenari gehiago emango diona. Horretarako, testuingurura egokitu, eta haur hezkuntzatik maila goreneko hezkuntzara (lanbide heziketa eta unibertsitatea barne) hizkuntza-irakaskuntza bermatu beharko du, ikasleek bizitza sozial eta profesionalean euskara eroso erabiltzeko adina gaitasun eskura dezaten.
  • Helduen euskalduntze eta alfabetatzeak, azkenik, euskararen ezagutza nahikoa bermatu beharko die bai etorri berriak direnei, eta bai hezkuntzatik behar besteko gaitasuna eskuratu ez dutenei ere (azken hauen kasuan, etorkizun hurbilean, hezkuntzak bermatu beharko luke oinarrizko ezagutza hori, esan bezala). Horretarako, unibertsalizazioa bermatzeko, zerbitzua doan jaso ahal izatea lortu beharko da.

2. EUSKARA EROSO ERABILTZEKO EREMUAK SORTU, GARATU ETA ELKARLOTZEA

Euskara eroso erabiltzeko, beharrezkoa da horretarako espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea. Eremu horiek, ordea, ez dira bat-batean lortuko, progresiboki lortu beharko dira.

Bi esparru bereiziko dira: eremu soziofuntzionalak eta eremu geografikoak. Lehenak, funtzio sozial jakin bati loturiko eremuak dira (administrazioa, ikastetxea, jantokia, mendi-elkartea…); bigarrenak, berriz, lur-eremu jakin bati lotutakoak (auzo, herri, eskualde…). Bistan da, bereizi litezkeen arren, hartu-emanean daudela: eremu soziofuntzionalak eremu geografikoetan kokatuta daude, eta alderantziz. Beste modu batean esanda: herriko tabernek, dendek, lantokiek, ikastetxeek… ezaugarritzen dituzte, hein handi batean, auzoak edo herriak berak, eta alderantziz. Horren barruan, noski, eremu digitalean ere baldintzak sortu beharra dago euskararen erabilera modu erosoan egin dadin, besteak beste funtsezko sozializazio esparrua bihurtu baita.

Eremu horien garapen jasangarria landu beharko litzateke; beti ere eremu horiek euren inguruarekin (alboko herriekin, zerbitzuekin,…) duten harremana aintzat hartuta, bai eta horrek eskatu dezakeen bestelako gune geografikoen eta soziofuntzionalen lanketa garatuta ere. Beraz, eremu soziofuntzionaletatik abiatuta, ahalik eta eremu geografiko zabalenetan euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzen, garatzen eta elkartzen joan beharko gara.

Azkenik, dokumentu honetan jarritako lehentasunak aintzat hartuz, lurraldearen eta eremu soziolinguistikoaren arabera aztertu beharko dira zeintzuk diren lehenetsi beharreko politikak eta proposatutako norabideetan eman beharreko urratsen hurrenkera.

Kompromisoak eta urratsak

Sinetsita gaude jauzia egiteko unea dela, eta euskararen normalizazio-prozesuan erantzukizun partekatuak ditugula. Geure egiten ditugu dokumentu honek bildutako printzipioak, estrategia eta bisioa. Horregatik, uste dugu elkarrekin urratsak egin eta konpromisoak hartzeko unea dela.

Are gehiago, adostasun hau baliatu nahi dugu egiturazko aldaketak lortzeko: hizkuntza-eskubideen bermea ardatz izango duten politiketan eragiteko urrats bateratuak egin nahi ditugu, kohesioan, justizian eta demokrazian sakontzeko.

Horregatik guztiagatik, honako konpromiso hauek hartuko ditugu:

  1. Dokumentu honetan jasotako edukia gizarteratzea, ahalik eta herritar sektore zabalenera helaraziz eta horien aldekotasunak lortzeko ahalegina eginez. Horretarako, lehen urratsa, erakunde bakoitzaren oinarri sozialarekin partekatzea izango da.
  2. Dokumentu honetan jasotzen direnak geure egitea. Horrela, gure erakundeak administrazioarekin eta bestelako eragileekin izan ditzakeen hartu-emanetan dokumentu honetan jasotzen diren hizkuntza-politikari buruzko ikuspegiak eta proposamenak defendatuko dira.
  3. Sinatzaile garen guztiok konpromisoa hartzen dugu dokumentua sinatu eta biharamunetik aurrera elkarlanean jarraitzeko, hizkuntza-politiketan hartu beharreko neurri zehatzak eta horiek aurrera ateratzeko dinamikak definitzen. Horretarako, adierazten dugu norbere erakundearen arloko lan-taldean parte hartzen jarraitzeko konpromisoa.

Dokumentua aurkezpenaren unera bitartean sinatu zutenen zerrenda, hemen. Harrezkero agian izan dire izenpetze gehiago.

Erantzun

Sartu