Laba.eus euskararentzako eta kulturarentzako Iruñean ireki nahi duten espazioa da. Iruñearen erdian, Gazteluko plazan, kokatu nahi dute erabilera anintzeko kulturgune eta topagune hau, eta diru bilketa batekin abiatu nahi dute bere lehen finantziazioa. Crowdfunding plataforma honetan 30.000 euro biltzeko erronkari ekin diote.
20 eurotik aurrerako ekarpenak egin daitezke Itsulapikoa plataforman. Minimoarekin (eta gainerakoekin ere), ekitaldi baterako bi sarrera lortuko dituzu, eta euro gehiago emanez gero, beste mertxandisin elementu batzuk ere bai, poltsak, tixertak, lamina artistikoak... Laba proiektuaren atzean talde zabal bat dago, baina bi ordezkari agertu dira elkarrizketa batean Berrian, Gontzal Agote eta Izaskun Barber 'Zaku'.
Laba nola izango den, horrela deskribatzen dute:
Elkargunea: Euskaldunon komunitatearentzako -eta harengana hurbildu nahi duten guztientzako- espazio bat irekitzera goaz Iruñean. Erreferentziazko gune bat, elkar topatzeko, elkar ezagutzeko, elkarrekin egiteko, eta berriak batzeko. Elkarrekin izanda, gehiago izateko.
Erakusleihoa: Euskarazko kultur sorkuntza ugari eta kalitatezkoa da, eta dagokion tokia eman nahi diogu. Egon dadin hiriarentzat eskuragarri, ikusgarri, irisgarri. Hartu-emanetarako azoka bat, saltoki bat. Erakusleiho bat, begiratu gaitzaten, ikus dezagun.
Oholtza: Ehundik gora metro karratu, Iruñeko bihotzean, kultur emanaldietarako oholtza bilakatuta. Ehun metro karratu bete kontzertu, hitzaldi, liburu aurkezpen, ikastaro, zinema proiekzio, bertso saio, antzerki ikuskizun, tailer, dantzaldi, eta inspiraziorako hiru puntu suspentsibo.
Kafetegia: Gozamenetik eraiki nahi dugu euskaldunon gune berria, harremanak sortu eta garatuko diren espazioa izanen baita, edo ez da izanen. Bi espazio ditugu horretarako, arkupeak babestua bata, terrazakoa bestea. Elkartu eta elkarrekin urratsak ematen jarraitzeko gune bat, egongela bat Iruñeko egongelan. Kafetxo bat LABAn?
Laborategia: Amesteko, proiektu berriak gauzatzeko sare zabal bat. Zer behar dugu euskaldunok? Nola eginen dugu, norekin, noiz? Eguneroko beharretatik hasita ideiarik zoroenetaraino; esperimentatu eta egin, erori eta berriro altxa, ikasi eta egin. Hori guztia ere izan nahi du LABAk.
Hona proiektuaren sustapen bideo labur bat. Gehiago daude Laba.eus webgunean.
Erantzun
Sartu