Teknologia albisteak

Naziometroaren 2. alea: Euskal Herriaz eta burujabetzaz datu piloa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-06-15 : 08:37

Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza laborategiak (TM eLab) iazko abenduan aurkeztu zuen Naziometroa edo Euskal Burujabetzaren Barometroa, eta delako inkesta soziologiko honen lehen alea ere orduan jakinarazi zuen. Sei hilabeteren buruan bigarren edizioa aurkeztu dute, 2021eko martxoko datuak prozesatuta. 

Zenbait gai ukitu dituzte bereziki naziometro honetan. Batetik, alor jakin batzuetan fokatutako inkesteak egin dituzte, adibidez euskal selekzioen inguruko jarrera (aldekoa), edo Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren arazoa nola ikusten den (larri, larri).

Horiez gain, galdera multzo interesgarri bat naziotasunaren eta burujabetzaren ingurukoak dira. Jarraian iritzi bilketa interesgarri batzuk batzuk, bakoitza bere grafikoarekin edo datuekin.

Euskal Herriaren zazpi herrialdeen osotasunari nola deitu diogun. Euskal Herria bera da termino hobetsia.

 

Nongoa sentitzen den bakoitza ere galdetu dute, erantzun anitzak posible izanik. Euskal herritarra eta frantziar/espainiarra, biak batera, da aukera hobetsiena. Baina gertutik dago "euskal herritarra" bakarrik. Bi aukera nagusien artean, dena dela, galdekatuen %50a bakarrik identifikatzen da.

Erabakitzeko eskubideaz ere galdetu dute, honela formalutatuko galderarekin: Zure iritziz, eremu geografiko hauetako bakoitzak bere etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luke? Baiezkoa nagusitu da hiru eremuetan, %72 EAEn, Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan %71, eta eta Euskal Hirigune Elkargoaren esparruan, hau da, Ipar Euskal Herrian, %68.

Goiko irudi eta galderan ikus dezakegu erabakitzeko eskubidearen alde dagoela gehiengoa. Baina, hori independentzia hitzarekin gauzatzekotan... ez da gauza bera. Horra galdera interesgarri bat: zein neurritan zaude ados Espainiatik / Frantziatik independizatzearekin.

Indepedentziaz egindako galdera hau, eremuen arabera nola erantzun den ere ikus dezakegu. Hona Hego Euskal Herrian bi eremuetan izandako erantzuna:

Eta Ipar Euskal Herrian:

Euskal estatu independente baten izaeraz (lurraldetasunaz?) galdera osagarri bi ere egin dira; ñabardura dakartenak, Euskal Estatuaren eta Nafar Estatuaren alde ote dauden galdetu baitzaie inkestatuei. Horra emaitza desberdinak:

Nafarroaren kasuan beste galdera interesgarri bat ere somatu dugu: galdetu dute bereziki ea beste euskal lurraldeekin bat egin nahiko luketen herritarrek, zenbait alorretan eragiteko. Segun alorrak zein, aldea dago, erantzunetan: osasun zerbitzuetan ikusi da begi onez harremanak indartzea (%57), eta baita hezkuntzan eta harreman ekonomikoetan ere (%55 eta %54); baina harreman kulturaletan 49%ekoa izan da babesa eta euskararen sustapenerako bada, %41koa bakarrik.

Hemengo datu eta taulez gain, askoz gehiago daude Naziometroaren 2. edizioaren web orrian. TM eLab-ak laburpen bat eskaintzen du bertan, baina hiru PDF osoagoa ere jaitsi ditzakezue, bat Naziometro osoari buruzkoak, eta beste biak Nafarroa Garaiari eta Ipar Euskal Herriari dagozkionak.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu