Teknologia albisteak

Europako sapiens zaharrenen genomak aztertu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-06-07 : 12:34

Nature aldizkarian argitaratu den artikulu interesgarri batean, Europako homo sapiens zaharrenen genomen azterketaren berri eman dute. Batxo Kiro izeneko leizean, Bulgarian, lau gizaki desberdinen hezurrak aurkitu dituzte: duela 45.930 eta 42.580 urte arteko antzinatasuna kalkulatu diete. Neandertalak Europatik duela 40.000 urte desagertu zirenez, haiekin batera bizi izan ziren sapiens-ak izan zitezkeen, eta izatez, hiruen genometan zantzuak aurkitu dituzte bospasei belaunaldi lehenago arbaso neandertal bat izan zutela, hau da; mende baten bueltan, birraitona edo birramona neandertal bat izan zutela hiruek. Kasualitate hutsa baino gehiago, datuak adierazten du Sapiensak eta Neandertalak elkarrekin bizi izan zirela, eta elkarrekin hibridatu ere egin zirela.

 

Neandertalekin duten loturaz aparte, Batxo Kiroko gizakiek beste berezitasun bat ere badute: beraien genomak kidetasun gehiago du ekialdeko Eurasiako antzinako eta gaur egungo gizakiekin, eta ez gaur egungo Europarrekin. Hau da, Europara etorritako lehen sapiens talde honek (ez du esan nahi bakarra zirenik) Asia ekialdean du ondorengotza. Izatez, Batxo Kirokoen ondorengo gertukoena Txinan dago, Taiyuango gizona da, Beijing ondoko leize batean aurkitua (duela 42.000 - 39.000 urtekoa).

Aurkikuntza honek aurreko misterio paleontologiko bat ere argitzen du: Belgikako sapiens zahar baten genoma ere ezagutzen zen, GoyetQ116-1 delakoa, 35.160-34,430 urtekoa; eta honek lotura argiak zituen Taiyuango txinatar zaharrarekin. Lotura arraro horrek azalpen errazagoa du orain: Batxo Kiroko lehen sapiens haiek ondorengotza utzi zuten milurte batzuez Europa mendebaldean (Goyet-en), zein Asia ekialdean (Taityuan), baina mendebaldekoak beste sapiens batzuek ordezkatu zituzten gero, eta Asian ondorengotza jarraituagoa izan zuten gaur egungo ekialdetar populazioetaraino.

Batxo Kiroko beste aurkikuntza batzuk:

  • Hezur zaharrenak Goi Paleolito goiztiarreko industria litikoekin lotuta ageri dira.
  • Berriagoa den beste gizaki baten aztarnak ere aurkitu direla bertan (baina hau ere oso zaharra): BK1653 izena eman dioten gizaki hau duela 36.320–34.610 urte artekoa izan daiteke, agertu den kontestuan kultura litiko modernoagoa identifikatu dute (Aurignac aldikoa) eta honen ondorengontzak izan zuen jarraipena Europan, aurrekoek ez bezala.

Sustatuko oieza honen ilustraziorako, artikuluko mapa bat, Eurasiako sapiens aztarna (litikoak edo gizakienak) zaharrenak. Irudiko puntuen azalpena, hemen.

 

Erantzun

Sartu