Trans mugimenduaren bandera erraldoi bat Eusko Legebiltzarreko ekitaldi batean erakutsi dute gaur, zenbait LGBT elkartek bertara eramanda (Errespetuz, Naizen, Gehitu eta Ortzadar). Trans eskubideen aldeko lege berriaren alde egitea zen ekitaldiaren esanahia, eta horixe eskatzen zuen agiria irakurri dute bertan.
Eusko Legebiltzarreko talde politiko gehienetako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian, salbu eta Vox-ek (legebiltzarkide bakarra dago alderdi honetakoa). Izatez, trans legea eztabaidatzeko proposamena orain dela gutxi iritsi zen Espainiako Kongresura, eta ez zuen aurrera egin (legearen eztabaida bera oztopatu zen horrela) PP-k eta Vox-ek kontra bozkatu zutelako, eta PSOE abstenitu egin zelako. Baina gaur PSE-EE eta PPkoak ordezkariak egon dira erreibindikazio honetan... Legebiltzarreko beste taldeek, EAJ-k, EH Bilduk, Ahal Dugu Podemos-ek eta PP-Ciudadanos taldeko alde ciudadanoak, trans lege berria eztabaidatzaren alde bozkatu zuten Madrilen.
Alderdi politikoetako ordezkari horiez gain, beste erakunde batzuetakak ere egon dira ekitaldian: Arabako Foru Aldundia eta Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Arartekoa. Hona Legebiltzarrak berak zabaldu duen prentsa-oharra.
Ekitaldi manifestu baten irakurketarekin amaitu da. Errespetuz eta Naizen elkarteetako kideek leitu dute, Sarai Montesek eta Mei Arregik, eta hemen behean itsatsi dugu testua.
Sexu identitatea eta/edo generoa norberak bere burua ulertzeko modua da. Gauza oso intimoa eta pertsonala da eta ez dago hirugarrenen iritziaren edo erabakien menpe. Norbera da identitate sexuala defini dezakeen pertsona bakarra. Konstituzioko 14. artikuluak dio “Espainiarrak legearen arabera berdinak dira, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahi bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta”.
Baina, hala eta guztiz ere, legez, Espainiako Gobernuak pertsona transei eskatzen digu probak, tratamenduak edo hormonazio prozesua egiteko geure sexu identitatea aintzatetsi diezaguten. Gainerako biztanleei ez zaie hori egitea eskatzen, eta horrek besteek pairatzen ez duten diskriminazio legala eta soziala jasan behar izatea eragiten die emakume eta gizon transexualei eta pertsona transgeneroei.
Azken urteotan, urratsak eman dira pertsona transak aintzatesteko prozesuan. Zehazki, Euskadin, Genero Unitatea sortu zuten eta 2012an “transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko” legea onartu zuten.
Lege hori gertaera gogoangarria izan zen, dokumentazio bat sortu baitzuten indarkeria-egoerak ekiditeko eskola, kiroldegia edo garraio publikoa bezalako lekuetan. Jakina, ez zen geuk nahi genuen legea, baina lagungarri egin zitzaigun. Geroago, 2019an, Legebiltzarrak lege hori aldatu zuen, behingoz aitortzeko norbera dela bere sexu identitatea zehazteko gai den bakarra, aurreiritzietan eta ezjakintasunean oinarritzen diren txosten edo proben beharrik gabe.
Gaur egun, jazarpena jasaten jarraitzen dugu, geure sexu identitateari ez dagokion identitate bat esleitzen digutelako, zeina nortasun-agirian argi ikus baitaitekeen. Eta agiri horrek markatu egiten gaitu eguneroko arloetan, esaterako, hezkuntza-tituluetan edo hegazkin-txarteletan.
Berdintasun ezarekin amaitzen ez dugun bitartean, gizarteak ez ditu emakume eta gizon transexualak eta pertsona transgeneroak gainerako herritarren pareko gisa hartuko. Geure kolektiboaren kontrako gorroto adierazpenak ere legezkotzat jotzen jarraituko da estatuko legediaren gerizpean. Legedia horrek, bigarren mailako biztanletzat hartzeaz gain, geure bizitzaren inguruko erabakiak hartzeko gai ere ez garela adierazten du eta hirugarren baten tutoretzapean bizitzera behartzen gaitu, zeinak, kasu askotan, ezjakintasunean eta aurreiritzietan oinarrituta jarduten baituen.
Matxismoan eta ezjakintasun absolutuan oinarritutako gorroto-adierazpenak areagotu egin dira azken urteotan. Adierazpenok emakume transexualen kontrakoak izan dira bereziki, eta imajinario kolektiboan euren irudi erabat distortsionatu eta irreal bat sortzen tematu dira.
Eta, ez hori bakarrik. Azken hilabeteotan ikusi dugu nola argudiatzen zituen matxismoak, gorroto-adierazpen horiez baliatuz eta gezurrak esanez, pertsona transen aldarrikapen guzti-guztiak.
Emakume transexualen, adingabekoen, migratzaileen eta beste hainbaten aurkako erasoen lekuko izan gara eta ikusi dugu nola areagotzen ziren, aldi berean, geure kolektiboaren aurkako hitzezko erasoak zein eraso fisikoak.
Erakunde guztiek gainerako herritarren baldintza berdinetan aintzatetsi gaitzaten behar dugu.
Espainiako Gobernuak sexu identitatearen autodeterminazioa aitor dezan behar dugu erregistro zibilean izena eta sexua aldatzeko aukera emango digun Estatuko Lege baten bidez, tramite iraingarririk egin edo tutoretzapean egon beharrik gabe. Gorroto guzti horren aurrean babestuko gaituen Estatuko Lege bat behar dugu, gorroto hori eragiten duten matxismoa eta transfobiari aurre egiteko tresnak emango dizkiguna.
Adingabeak babestuko dituen Estatuko Lege bat behar dugu beharrezko diren tratamenduak jaso ahal izan ditzaten, frogatuta baitago tratamenduok suizidio-tasak murrizten dituztela.
Pertsona trans migratzaileak babestuko dituen Estatuko Lege bat behar dugu, asiloa eskuratzeko tramiteak erraztuko dituena eta euren bizitza arriskuan dagoen herrialdeetara itzuli beharra ekidingo duena.
ESTATUKO TRANS LEGEA ORAIN!
Erantzun
Sartu