Teknologia albisteak

Molac legea atzera bota du Frantziako Konstituzio Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-21 : 12:52

Esperantza sortu zuen apirilean Molac legea aprobatzeak Frantziako Asanblea Nazionalean, baina orduan gutxiengoan geratu ziren 60 diputatuk helegitea aurkeztu zuten Kontseilu Konstituzionalean, eta honek ebatzi du gaur legearen bi puntu, murgiltze eredua eta letra-zeinu diakritikoak erabiltzearena, Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direla. Era berean, Frantziako administrazioaren elebakartasun irmoaren gogorakizun latz bat dakar ebazpenak.

Hona Kontseilu Konstituzionalaren ebazpena, "Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta sustapenerako lege" proposamenaren inguruan (Molac legea esaten zaio bere sustatzaile nagusiagatik, Paul Molac diputatu bretoia).

Helegitea legearen 6. artikuluaren kontrakoa zen, baina hori ontzat eman du Konstituzio Kontseiluak. Hala ere, bere kabuz erabaki du beste artikuluak aztertzea, eta hor bota du atzera murgiltze eredua, 4. artilulua partzialki ezeztatzea. Murgiltzea Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren kontrakoak direla ebatzi dute. Legearen artikulu-idazkuntzaren eboluzioa hemen ikus daiteke; eskumako zutabean Kontseilu Konstituzionalera iritsi aurretik zuen forma.

Atzera botatako beste artikulua 9.a zen, non onarpen ofiziala ematen zitzaien izen-deiturak idazteko orduan, zeinu diakritikoak dituzten izenei. Kasu ezagun bat izan zen hexagonoan, Ñ hizkia bretoieraz eta euskaraz agertzen delarik, Fañch izeneko mutil bretoiarekin. Kapritxozko oztopo horrek gainditua zirudien legearekin, baina ez, ikusten denez.

Ebazpenaren 16. puntua bereziki latza da Frantziaren elebakartasuna definitzeko orduan:

16. Konstituzioaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, frantsesaren erabilera zuzenbide publikoko pertsona juridikoei eta zuzenbide pribatuko pertsonei ezartzen zaie, zerbitzu publikoko eginkizunen bat gauzatzean. Partikularrak ezin dira, administrazio eta zerbitzu publikoekiko harremanetan, frantsesa ez den beste hizkuntza erabiltzeko eskubideaz baliatu, ezta halako erabilerara behartu ere.

Erantzun

Sartu