Etxeak egiteko lantegi zahar bat eraisten hasi dira Eibarren, baina lanak eten behar izan dituzte, konturatu gabe zeudelako itxura batean lantegiak putzu bat zuela teilatuan eta ura alde kontrolik gabe isurtzera zihoala. Bideoak erakutsitakoa konponduko dutela pentsatzekoa da, eta eraisketa zuzen egingo dutela. Baina kontuak aitzakia ematen digu 20. mendeko euskal arkitektura industrialeko berezitasun honetaz hitz egiteko: teilatu putzudunak.
Hona Eibarren asteazkenez grabatutako bideoa:
Obra gelditu egin da pic.twitter.com/Jz1uuRj1rX
— Josu Mendicute (@jmendicute) May 19, 2021
Teilatu putzudunak 20. mendeko Euskal Herriko arkitektura industrial eta funtzionaleko oso elementu bereziak dira. Arrazoi funtzionalarekin egin ziren teilatu hauek nagusiki: isolamendu termiko eta akustiko ona ematen dute, eta ur-biltegi funtzioa ere betetzen zuten.
Formalki, 10-12 zentimetroko hormigoi geruza baten gainean, uraren sakonera 15 cm ingurukoa izan ohi zen. Praktikoa izateaz gain, egitura iraunkorra dela ikusi izan da. Gutxitan eman dute teilatu hauek itogin problemarik (izozte luzaroko bat, ordea, arazo izan daiteke), eta zaindu gabeko teilatu ia abandonatuak askotxo izan daitezkeen arren, ez dira teilatuak eraikin zahar horien arazo nagusia.
Putzuetan ohikoa izaten zen arrainak uztea, karpak normalean, eta landare eta zomorroekin ekosistema txikiak osatzen ziren. Txorientzat elikatze guneak izan ohi dira; bereziki garrantzitsuak izan ziren hainbat urtetan, industrializazioak errekak kutsatu edo estali zituenean.
Ba ote da halako teilaturik babesik duenik ondare gisa? Oraindik ugariak dira, baina batek daki urte batzuk barru. Eibarko bideotik irtendako elkarrizketan sortu da ideia herriko ordenamendu plangintza babesa merezi dezakeen elementua izan daitekeela, ondare industrialaren parte.
Arrasateko Ramon Ugalde historia irakasleak ikertu ditu bereziki teilatu putzudunak, Debarroan oso ugariak baitira (baina ez han bakarrik). Hemen Ugalderen testu bat, Mondraberri agerkarian.
Wikipedian informazio gehiago, eta argazkiak.
Erantzun
Sartu