Teknologia albisteak

Brigadista txinatar baten memoria, eusko gudari baten izkribuetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-19 : 11:14

Luis Ariznabarreta gudari izandakoaren izkribu pertsonalen artean, gudari izan zenean berarekin borrokatutako brigadista txinatar baten informazioa azaldu da. Aking Chan izenez deskribatutako gizona lagun eta burkide izan zuen Ariznabarreta soraluzetarrak 1937an; gudariaren alaba Begoña Ariznabarretak aitaren paperetan arakatuz deskubritu duenez. Begoña kontaktuan jarri zen brigadisten historian adituak izan direnekin, eta Chen Aking hura identifikatu ahal izan dute, Chen Agen zeritzon, eta Shanghaikoa zen.

Begoña Ariznabarretari esker publiko egindako Chen Agen-en historia, Txinako prentsan agertu zen otsailean, bi argazkirekin, 南方周末 edo Hegoaldeko Asteburua astekarian. Sancho el Sabio Fundazioaren Euskal Memoria Digiala webgunean, gorde egin dute albiste txinatarra, eta itzuli egin dute euskarara eta beste hizkuntza batzuetara. Kontakizun eran dakar albistea Berrian gaur Miel Anjel Elustondok, eta atzo agertu zen brigadista internazionalei buruzko The Volunteer agerkarian.

Ariznabarretak lehenbizi kontaktatu zuen Bartzelonako itzultzaile batekin, Laureano Ramirezekin, zeinak itzuli zuen gaztelaniara 2001eko ikerketa txinatar bat, Ni Huiro eta Zou Ningyuan historialariena. Nik eta Zouk 12 brigadista txinatar identifikatuak dituzte, eta horietako bat Aking Chan dela baieztatu dute, 陈阿根 idatzita txinatarraz, Chen Agen pinyin transkripzioan. Deitura lehenik idazten da txineraz, Chen kasu honetan, eta ponte-izen edo emandako izena Agen litzateke. Ariznabarretaren idazkian izen-deiturak geure ordenean ageri dira, eta antzeko transkripzioan, baina pertsona bera da.

Luis Ariznabarreta Soraluzen jaio zen 1916an, eta Eibarren ikasi zuen, Armeria Eskolan. Gudari bilakatu zen 1936an, gerra hasi zenean, Eibarko eta Soraluzeko armagintzako eta beste industrietako gazte asko bezala. 1937an, Bizkaiko fronteko ofentsibak Eusko Jaurlaritzaren erresistentzia gainditu ostean, Euskal Herri osoa okupatu zuren frankistek, Eusko Gudarostea desegin egin zen, baina gudari askok brigada eta bataloi antolatuetan jarraitu zuten borrokan, Kantabrian eta Asturiasen. 1937ko abuztuan, Asturiasko Ceceda herrian, lau konpainiaz osatutako euskal brigada antolatu, zen, eta orduan batu zitzaien Aking Chan, zeina beste bi euskaldunekin agertu zen nonbaitetik.

Ariznabarretaren izkribuetan esaten denez, euskara zen hizkuntza nagusia brigadan, eta Aking Chani ere euskaraz egiten zioten; azken batean gaztelania bezain ulertezina zelako hizkuntza bata zein bestea harentzat. Shanghai jarri zioten goitizena, jatorriagatik, eta gudari bat gehiago izan zen borroketan. 1937ko urriaren 21ean preso hartu zituzten euskal brigadakoak, Ariznabarreta, Aking Chan eta besteak.

Ariznabarreta Leongo presondegira eramana zuten, eta 1940an askatu zuten. Soraluzeko gudariak orduan galdu zion pista lagun txinatarrari, baina 1941an biak egon ziren preso Miranda de Ebroko kontzentrazio esparru batean, nahiz eta ez aldi berean. Ariznabarretan 1941an bertan askatu zuten, baina zaindutako zaintzan egon zen 1953 arte (astero Goardia Zibila bisitatzen). Aking Chan / Chen Agen-en pista galdu egiten da: 1942an askatu zutela dioen dokumentu bat dago, baina beste bat 1943koa, zigor bat jaso zuela Miranda de Ebron. Beste erreferentziarik ez harrezkero.

Ariznabarreta Soraluzera itzuli zen bizitzera, eta zortzi seme-alaba izan zituen. 2003an hil zen. Begoña alabak berreskuratu du istorio hau, eta bere asmoa da, agertuz gero Chen Agen-en seniderik Txinan, haiei kopia ematea aitaren izkribuena. 

Argazkiak

Chen Agen, frankisten preso zegoela Burgosen 1938an. Eskumakoa da. Propagandako dokumentala egin zuten frankistek, "zein ondo" tratatzen zituzten presoak. 

Luis Ariznabarreta:

Erantzun

Sartu