Teknologia albisteak

Esperimentu zientifikoa: Inoren alde otoitz egiteak, on egiten dio delako pertsonari?

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-04-20 : 09:54

Hiru ikerlari poloniarrek otoitzak pertsonen ongizatean izan dezakeen eragina aztertu dute, Wikipediako datubase Wikidata erabiliz, eta liturgia katolikoaren detaile txiki batean oinarrituz: mezetan beti tokian tokiko gotzainaren alde errezu espezifikoa egiten denez, estatistikoki otoitz-jasotzaile oparoak direla kontuan hartuta. Emaitza bitxia da: gotzainak (otoitz sistematiko gehiago jasotzen dituzten taldekoak) luzeago bizi dira apaiz arruntak eta akademiako irakasleak baino, baina egileek ez dute uste otoitzarengatik izango denik.

Artikulua eta ikerketa Journal of Religuion and Health aldizkarian argitaratu da, 2021eko martxo honetan. Arreta pixkat merezi du metodologiak.

Batetik, mezetan, azken 50 urteetako liturgia katolikoan, aldaketak izan diren arren, ohikoa da eukaristiaren orduan, otoitza eskatzea, Aita santuaren alde eta baita tokian tokiko gotzainaren alde. Euskal Herrian, euskaraz, gotzainaren ponte-izenez deitzen zaiolarik, "Jose Ignazio gure gotzainaren alde", entzun liteke Gipuzkoan, Jose Ignazio Munilla gogoan. Gotzainen ordena osoa ere otoitzetan sartzea ohikoa da, tokian tokiko gotzain espezifikoa aipatu ondoren. Hortaz, azterketaren egileek ondorioztatu dute gotzain katolikoen beren aldeko otoitz publiko askoz gehiago jasotzen dituztela, beste edozein pertsona-kategoriarekin alderatuta, meza guztietan beraien alde egiteko eskatzen baitzaio Jainkoari, prezeski eta izenez aipatuta.

Jainkoak entzuten ote ditu gotzainen aldeko otoitz espezifiko hauek, beraien ongizatea zainduz? Hipotesia testeatzeko, Wikipediako Wikidatan 1998-2018 urteen artean hildako gotzain katolikoen bizi-esperantza neurtu dute, ea luzeago bizi diren gainerako hilkorrok baino. 857 apezpiku edo gotzain aztertu dituzte (AEB, Frantzia, Italia, Polonia, Brasil eta Mexikokoak: euskaldunik izan bada tartean, agian "frantsesa...). Norekin alderatu nultzo hori? 500 apaiz katolikoko arrunteko talde batekin, eta 3038 gizonezko "akademikorekin", herrialde berdinetakoak denak.

Eta emaitza zera izan da:

  • apezpiku edo gotzainaren bizi-iraupen ertaina:  30.489 egun (83 urte eta erdi)
  • apaiz arruntak: 29.894 egun (81 urte, ia 82).
  • akademiako irakasleak: 30.147 (82 urte eta erdi)

Hortaz, itxura batean, bai, gotzainak luzeago bizi dira! Otoitzengatik ote? Egileek ez dute hipotesia baieztatzen. Alde estatistikoak txikiegiak direla diote, bereziki irakasleen multzoarekiko, eta hortaz, otoitzaren eragina ez frogatutzat ematen dute. Tira, datu estatistiko eta matematikoak jakin nahi dituenarentzat, hemen ikerketa:

Erantzun

Sartu