Teknologia albisteak

Herri aginteei deia: ez erabili hainbeste Google Maps

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-04-19 : 17:36

Igor Leturia informatikariak kexa egin zuen duela egun batzuk Twitterren, nola Google ari den bilakatzen erreferentzia ezinbestekoa baita gure herrietako geografia edo turismo ekimenak bultzatzeko orduan. Bere jaioterriko udalak, Arrasatekoak, sarean jarritako ibilbideak izan ziren rant edo kexu-hari horren jatorria.

Izatez bi hari egin izan ditu Leturiak, bata Arrasateko Udalari zuzendua, eta bestea denontzako irekia, azalpen osagarri gisa. Bi harietako hitzak artikulu bihurtu ditugu hemen:

"Oso kezkatuta nago mendiko ibilbideak ere Google-ren bidez sortu, partekatu eta baliatzeko zabaltzen ari den joerarekin. Orain arte haien atzaparretatik libre zegoen eremu apurretakoa izan da, OruxMapsWikilocOpenStreetMap eta halakoak izan baitira nagusi. Baina orain Hainbat jende eta erakunde ari da Google-ren My Maps zerbitzuaren bidez ibilbideak sortzen. Gero horiek Google Maps-eko esteka gisa partekatzen dira, eta telefonoan Google Maps aplikazioarekin irekita baliatu mendian ibiltzeko.

Esate baterako, Arrasateko Udalak bere webgunean herri barneko hainbat ibilbide jarri zituen herritik atera ezin zenean (nik behintzat orduan ezagutu nuen): Ekimen bikaina, baina gaizki gauzatua, Google Maps-en gainean eraiki baitzen.

Horrek gauza oker asko ditu:

  1. Google-ren mapak ez dira mendiko ibilbidetarako fondo bezala erabiltzeko egokiak. Hiriak, errepideak, negozioak... horrelako denak sartuta daude, baina ez mendiko eta naturako bidexka, tontor, iturri eta abarrak. OpenStreetMap-enak egokiagoak dira horretarako.
  2. OpenStreetMap-eko mapak jendeak auzolanean sortuak dira (horregatik dute natura eta mendiko informazio gehiago) eta libreak dira (nahi den erabilera eman dakieke). Google-renekin beraien erabilera baldintzetan diotena egin daiteke soilik, eta mapak beraien My Maps zerbitzuan sortzean (zuek egin duzuen bezala) bere mapa eta aplikazio ekosistema elikatu eta jendearen berekiko dependentzia areagotzen laguntzen da.
  3. Google-ren gainean sortutako mapa horiek telefonoan Google Maps app-ean dabiltza ongien eta horrekin erabiltzeko pentsatuta daude, hau da, bere app-a erabiltzera ia-ia derrigortzen zaitu. Track-a deskargatu eta nahi duzun app-ean erabiltzeko aukera badago, baina oso ezkutuan. Eta Google Maps app-etik erabilita, gainera, mapak ez dabiltza Interneteko konexiorik ez dagoenean... Beste aplikazio batzuetan track-a eta mapak telefonoan deskargatuta izan ditzakezu eta konexiorik gabe ere ederto ibili.

Laburbilduz: (nola konpondu?) Jendeari Google-ren mapa, zerbitzu eta app-ak erabiltzera bultzatu beharrean (errazena izan daitekeena beharbada, baina herritarren multinazional erraldoi horrekiko menpekotasuna areagotuz eta aukera-askatasuna murriztuz), ibilbideen track-ak webgunean OpenStreetMap-en gainean erakutsi, track-a deskargatzeko aukera eman, eta track-ak mendiko aplikazioren batekin nola erabili erakusten duen argibideak jarri edo estekatu.

Gainera, ibilbideak Wikiloc-era igota ditu Arrasate Udalak eta hori ere balia zitekeen. Horko kapsulatzeko kodea ere Google-rena baino hobea da, ezin da fondo gisa OpenStreetMap jarri ezta track-a deskargatu ere, baina klik eginda Wikiloc-era eramaten zaitu eta hor egin daiteke hori guztia.

Beste gauza guztietatik (hezkuntza mundutik, gure bizitzetatik...) ere bai, baina bereziki ea joera honi buelta eman eta Google gure mendietatik at geratzea lortzen dugun!"

 

Erantzun

Sartu