Teknologia albisteak

Netflix Euskaraz taldearen agiria, eskaera politiko zehatzekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-04-17 : 16:38

Netflix Euskaraz ekimenak, Pantailak euskaraz sinadura bilketan 10.000 lagunen aldekotasuna gainditu ondoren, euskalgintzako hainbat eragilerekin ageraldia egin du gaur eguerdian, eta agiri bat eman dute ezagutzera. Topaguneak, UEMAk, BIEUSE bikoiztaileen elkarteak, Hekimenek eta beste zenbait eragilek bat egin dute agiarekin. Netflixentzako eskaerak daude dokumentuan, baina baita akzio politiko eta legegilerako urratsak ematearen aldekoak.

 

Agiria hemen irakur dezakezue. 

Eskaeren aldetik, batetik Netflixi zuzentzen zaio agiria, eta bestetik eragile politikoei. Netflixentzako eskaera hau da,

[Netflixi] Tokian tokiko komunitateekin betebeharrak ere badituela gogorarazi nahi diogu. Euskara, eta, plataforma honen kontsumitzaile potentzial garen hemengo eta hango 800.000 euskal hiztunen beharrizanak ase ditzala. Euskal hiztunok plataformako ikus-entzunezko eduki guztiak euskaraz jaso nahi ditugula.

  1. Netflixek antzeko kasuetan esan izan du benetan eskaria balego, eskainiko lituzkeela edukiak hizkuntza gutxituan. Hemen dituzu 10.650 sinadura, eta gehiago etorriko dira; eskaria badago.
  2. Horrez gain, Netflix, gogoratu “jatorri, kultura eta ikuspegi desberdinetako pertsonak barne hartzea” jasotzen duzula zure balioen artean.

Eskaera politikoak

Bestalde, eskaera politikoak daude, Espainian Ikus-entzunezkoen Lege Orokor bat tramitean dagoelako eta, izatez, Netflix zein beste plataforma batzuetan aurrerapenik egin behar bada, legezko ekimenez izan beharko dela dirudielako. Ildo horretatik, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio:

  • [Ikus-entzunezkoen] Lege horretan hizkuntza aniztasuna jasota gera dadila.
  • Streaming plataformetan Estatuko hizkuntza ofizial guztietan izan beharreko eduki kuotak zehatu eta bermatu ditzala.

Alderdi politikoei eskatzen zaie:

Hori horrela izan dadin alderdiek bere gain har dezatela dagokien erantzukizuna. Lege horrek gure eskubideak jaso behar ditu, eta euskarak gaur egun ez duen lekua izan behar du. Datozen asteetan, Espainiako Kongresuan, alderdi politikoek euskal hiztunen eskubideen defentsan bat egin dezatela eta Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Lege Orokorrari jarritako alegazioak babestu ditzatela.

Eta euskal erakundeentzako mezua ere bada dokumentuan:

Euskal Herriko erakundeei dagokie gure eskubideak bermatzea eta horretarako tresna egokiak beharko genituzke:
Batetik, Euskal Herriko Parlamentuek eskumena daukaten esparruetan, ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia legez arautzea eskatzen dugu.

Beste alde batetik, ez daukagu benetako egitura sendorik. Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua behar dugu, ikus-
entzunezkoetan euskal hiztunen eskubideak betetzen direla ziurtatzen duen egiturazko tresna publikoa.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago