Teknologia albisteak
1

EAEko sektore publikoaren hizkuntza irizpideak: atal digitalak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-04-14 : 15:46

Eusko Jaurlaritzak "EAEko Administrazio Orokorraren eta hari atxikitako Sektore Publikoaren Hizkuntza Irizpideak" onartu eta argitaratu ditu gaur. Dokumentu mardula da, 23 orrikoa, eta lasai irakurrita bere edukietan sakontzeko denbora pixkat beharko da. Hala ere, baliabide informatiko eta sarekoei buruz dioena ekarri dugu hona laburtuta. 

Hona argitalpenaren prentsa-oharra, eta dokumentu osoa PDF formatuan. Data zehatzik gabeko karatula bitxia du, irudian ikusten duzuen bezala: prest egongo zen duela aste batzuk, noiz onartuko Gobernu Kontseiluan. Irizpide hauek dira EAEko administrazio orokorrari dagozkionak, eta baita bere baitako enpresa edo erakunde publikoen alorrean erabiltzeko. Ez, demagun, udal batekin tratatzeko; bai, ordea, Segurtasun Sailarekin edo SPRIrekin jarduteko.

Irakurketa osoago baten esperoan, hona nabarmentzeko atal digital interesgarri batzuk:

Baliabide informatikoak

Euskarazko bertsioak instalatzea: Sektore Publikoan bereziki erabiltzeko sortzen den softwareak euskaraz erabiltzeko modukoa izan beharko du; hargatik, eragotzi gabe gaztelaniaz ere erabili ahal izatea.

Software berriren bat garatzen denean, ele bietan egiteko eskatuko zaio hornitzaileari. Kontratazio pleguetan baldintza gisa jasoko da hornitzaileak gaitasuna izan behar duela bere produktuak ele bietan sortzeko.

Sektore Publikoko aplikazioen eta webguneen hasierako hizkuntza euskara izango daeta aukera egongo da gaztelania, eta hala badagokio, gainerako hizkuntzak hautatzeko. Irizpide hori aplikatuko da intranetean, webguneetan eta aplikazioetan.

Programa, aplikazio, datu-base edo tresnen euskarazko bertsioa instalatuko zaie 2. HE eta handik gorako euskara-maila egiaztatuta duten langileei. Sistema eragileak migratzen diren bakoitzean euskarazko bertsioak jarriko zaizkie langile guztiei. Software estandarraren instalatzeko eskaerak dauden bakoitzean, aztertu egingo da euskarazko bertsioak eskuragarri dauden, eta horiek instalatuko dira.

Euskarazko bertsioen erabilera: Era berean, sustatu egingo da langileek sistema eragileen eta software estandarraren euskarazko bertsioak erabiltzea, eta horiei eustea.

Webgune publikoak

Sektore Publikoaren menpeko webguneetarako hasierako orria, era lehenetsian, euskarazkoa izango da. Orri horretan ikusgai egongo da edukiak gaztelaniaz eskuratzeko esteka, eta, hala badagokio, ofizialak ez diren beste hizkuntza batzuetan informazioa jasotzeko estekak ere bai, ondorengo hurrenkerari jarraituta: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta bestelakoak.

Sektore Publikoaren erantzukizunpeko dokumentuak Internetetik kontsultatu ahal direnean, euskaraz eta gaztelaniaz eskaini beharko dira, baldin eta herritarrei orokorrean informazioa zabaltzeko eginak izan badira. Dokumentu horien bertsioak aldi berean argitaratu beharko dira; alegia, ezingo da gaztelaniazko bertsioa argitaratu euskarazkoa prest izan arte,eta alderantziz. Hala ere, informazio hori euskara sustatzeko helburuarekin lotuta badago, orduan, euskara hutsean zabaldu ahalko da. (...)

Webguneetan URL helbideek euskarazko hitzak eduki behar dituzte. Izapideak Internet edo intraneten bidez egiteko aukera ematen baldin bada, bermatu egin behar da benetan ematen duela izapideok euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko aukera.

Sektore Publikoko webgune eta helbide elektronikoek .eus domeinua izango dute

Sare sozialen edukia

Mezu instituzionalak edo zerbitzu publikokoak euskaraz ere argitaratu beharko dira. Mezuak hizkuntza bietan argitaratzen direnean, euskarazko mezua lehenengo tokian agertu behar da; horretarako, lehenik gaztelaniaz argitaratuko da, eta jarraian, euskaraz. Sare sozial batean hari bat irekiz gero, alderantziz izango da, lehenik euskaraz eta gero gaztelaniaz, hariaren lehenengo agerraldia euskarazkoa izan dadin. Kanpo loturak edo beste orrialderen bateko gaztelaniazko informazioa profileko “horman” txertatzen direnean, horiei buruzko iruzkinak euskaraz ere egingo dira.

Mugikorretarako APP-ak

Sektore Publikoaren aplikazioak bi hizkuntza ofizialetan egongo dira. Euskara aukeratuz gero, komunikazio eta agiri guztiak euskaraz edo bi hizkuntza ofizialetan bidaliko dira. Sektore Publikoak egokitze beharra duten aplikazioak egokituko ditu, herritarrek hizkuntza aukeratzeko eskubideak baliatu ahal ditzaten.

 

Erantzunak

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago