Wikipediak duela gutxi iragarri zuen Wikimedia Enterprise, entziklopedia librea ordaintzeko zerbitzua, irabazi-asmorik gabeko erakunde horren informazioa beren produktu eta tresnetan helburu komertzialetarako erabiltzen duten enpresa handiei zuzendua.
Zerbitzua API batean oinarrituko da, eta horrek Wikipediaren edukiaren segmentazioa hobetuko du, modu masiboan erabiltzen duten makinentzat ulergarriagoa den modu batean. Horrela, zerbitzua kontratatzen duten enpresei datuen transmisioa arinduko duen eta erabilera automatizatzea erraztuko duen tresna bat eskainiko diete.
Wikimediatik diotenez, gaur egun oso oztopo handia dago entziklopedia libreko edukiak erabiltzeko, irakurketa- eta edizio-erabilera komunetatik harago; horregatik, egituratu gabeko datuak egituratzea erabaki dute, beren zerbitzuetan erabili nahi dituzten konpainiei datu horiek berrerabil ditzaten errazteko.
API berri honek enpresentzako egiten dituen hobekuntzen artean daude makinentzako JSON eskema irakurgarri eta koherente bat sortzea, eguneroko informazioa eguneratzea -gaur egun bi astez egiten da-, ordu bakoitzeko jarduera-esportazioak edo abiadura-mugarik gabe bermatutako jarduera-denbora. Gainera, Wikimediako talde bat arduratuko da edukia filtratzeaz bezeroei bidali aurretik, informazio faltsua jaso ez dezaten; izan ere, orain arte, datuak berrerabiltzen dituzten enpresetako langileek egiten dute lan hori.
Izatez, Wikipediak badu lehenagotik API bat, irekia eta doakoa, eta oso ondo dabil premia gehienetarako. Esate baterako, Sustatu egiten duen CodeSyntax enpresak erabili du API hori, Euskarazko Wikipediaren enkarguz, Txikipedia aplikazioa egiteko. Azkartasun eta egokitasunez primerako APIa da, eta garatzaile gehienentzako proiektu libreak egiteko aski izan daitekeela uste dugu. Alde horretatik, Wikimedia Enterprise ekimena ez da seinale bat gauzak itxi edo zailduko dituenik Wikipediak, eta ezagutza librearen zaletuok lasai jarrai dezakegu.
Erantzun
Sartu