Teknologia albisteak

Covid kutsatzeak non gertatzen diren: datu kezkagarriak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-19 : 10:26

Covid pandemiari buruzko EAEko datuetan, herritarrei jakinarazi ez zaien baina Eusko Legebiltzarrean publiko egin den datu multzo baten berri eman du aste honetan Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. Lau hilabeteko tarte batean, Covid kutsaketen agerraldiak non izan diren zehazten da; hau da, kutsaketa bat baino gehiago lotu direnean agerraldi batean, toki jakin batean. Datuak berriak dira, eta Koldo Garcia genetistak Twitterren azaldu bezala, kezkagarriak ezkutatu izan dutenagatik, eta aditzera ematen dutenagatik.

Hauxe da Uberari pasatutako dokumentua (Legebiltzarreko webgunean, eta geuk gorde dugun kopia batean), berak Twitter bidez zabaldu zuena, eta laburpen hau dakarrena:

Koldo Garciak hari batean ondorioak atera ditu, eta grafiko berriak sortu. Lehenengo eta behin, Garciak azpimarratzen du agerraldi identifikatuak oso gutxi direla, %80 eta %90 artean ez dakite non gertatu diren. Hau datu arraroa eta kezkagarritzat jotzen du, azken aldian agerraldien jatorria %50ean identifikatua zegoela esan izan delako. Jatorri ezezagunak eta ezagunak bilduta, honela geratzen da grafikoa:

Eta kasu ezezagunak kenduta, horrela geratzen da banaketa grafikoki:


Kutsatze gehienak, osasun eta hezkuntzaren eremuan gertatu badira, Garciaren irakurketan, administrazioaren ardura zuzen-zuzena duten esparruak dira horietxek, eta hor egon da efektibitate gutxiena babes neurriak ezartzeko orduan. Gizarteak oro har, pertsonek beren jarduera sozialean, zuhurrago jokatu dute eta kutsatze kasuak norbanakoen jarduerarekin lotzea zailagoa da. Abendutik aurrerako murrizketa sozialek, oro har, kutsatze sozialen beherakada markatzen dute: baina administrazioaren alorreko kasuetan, ez da nabari hori.

Era berean, arreta deitzen dio Garciari etxeko kutsatzeen maila ia ezereza. Bereziki Nafarroan epe berdinerako zabaldutako datuekin kontraste egiten du horrek:

Irakurri txostena, eta Koldo Garciaren azalpenen haria. Gutxienez, datu bilketan ezezagutza kolektibo handi batean gabiltzala erakusten du; eta datuen komunikazioan, eta haien ondorioz hartutako erabakien zuhurtzian zalantzak pizten dira.

Erantzun

Sartu