Teknologia albisteak

Duela 20 urte, Katalanezko Wikipediak ireki zuen eleaniztasuna entziklopedia globalean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-18 : 10:05

Urtarrilean bete ziren 20 urte sortu zela Wikipedia, eta aste honetan izan dira 20 urte Wikipedia eleanitz bihurtu zela. 2001eko martxoaren 16an sortu ziren alemanezko eta katalanezko Wikipediako lehen artikuluak, ingelesez ez ziren bi lehenak.

Katalanezko lehen artiulua Àbac izan zen. Andorrako editore batek gehitu zuen. Gaur egunean, 668.600 artikulu dauzkate katalabez eta 1.600 wikipedista aktibo. Guztira, 309 hizkuntzatako 55 milioi artikulu daude egun Wikipedian, horietarik 372.000 euskaraz. Euskarazko lehen artikulua urte berea sortu zen, baina beranduago, 2001eko abenduaren 6an eta euskarazko azala eta bertsio beregaina, eu.wikipedia.org, 2003ko azarokoa.

2001eko martxoaren 16an Wikipediako sortzaile Jimmy Walesek iragarri zuen irekitzera zihoaztela beste hizkuntzetako Wikipediak, eta Cdani editorearen katalanezko asmoaren berri eman zuen. Jarraian “deutsche.wikipedia.com” eta “catalan.wikipedia.com” azpi-domeinuak aktibatu ziren, eta han sortu zen alemanezko eta katalanezko lehen edukia. Katalanezko domeinua “ca.wikipedia.com” bilakatu zen, eta gero “ca.wikipedia.org”; eta hortxe jarraitzen du, nahiz eta 2003tik katalanek izena beraien grafiara egokitu duten: “Viquipèdia” esaten diote.

Katalanezko Wikipediaren gobernantza, Wikimedia Foundation erakunde orokorrarekin koordinatuta, Amical Wikimedia elkarteak darama, 2008an sortu zenak. Euskaldunen arteko bere parekida Euskal Wikilarien Kultur Elkartea da (beti gogorarazten dizuegun bezala, elkarte honetako kide izatea erraza da, 5 urteko kuota du urtean).

Katalanezko Wikipediaren erronketako bat, 2021 honetan, euskarazkoak duen berdintsua da: genero arrakala murriztea. Batetik, emakumezkoen 30.000 biografia dituzte, baina horiek biografia guztien %18,44 bakarrik dira. Editoreen artean ere, Amical Wikipediak uste du %15 bakarrik direla emakumezkoak.

Erantzun

Sartu