Teknologia albisteak

Elhuyarrek irudia berritu du, eta lelo berria aukeratu: Ezagutuz aldatzea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-17 : 17:03

Elhuyarrek marka eta webgunea berritu ditu gaur. Barne-hausnarketa batetik abiatuz, komunikazio-estrategia berria landu du Sorland komunikazio-agentziarekin batera, eta gaur aurkeztu dute. Besteak beste, Elhuyar izena lelo batekin lotzen da aurrerantzean beraien irudia: Ezagutuz aldatzea. Ezaguna egingo zaio askori leloa: Xabier Leteren hitzak dira, Izarren Hautsa poema eta abestikoak (bereziki ezagun agian Mikel Laboak egin zuen).

Elhuyar.eus webgune nagusia berritu da. Sare sozialetan, bateratze lan bat ere egin dute kontu desberdinen artean. Twitterren @Elhuyar izango da Fundazioaren txioen kanal zentrala, @ElhuyarHizk hizkuntza zerbitzu desberdinen isla, eta @ElhuyarZientzia izango da zientzia dibulgazioko adar desberdinen bateratzailea :

Prentsa ohar batean, honela arrazoitu du Elhuyarrek marka eta lelo berriaren lanketa: "Marka berritu honekin, garai berrietara egokituko da Elhuyar, beste behin ere, 1972an jaio zenetik egin duen bezala. Donostiako Goi Mailako Ingenieritza Eskolako euskaltzale batzuek sortu zuten, eta geroztik etengabe dihardu lanean, zientzia ez ezik, hizkuntza, teknologia eta gizarte-aholkularitzako zerbitzuak eskainiz, eta euskara garatuz."

"Ibilbide horretan jarraituko du, beraz. Euskara modernitatera eramanez. Euskalgintza zientziarekin eta teknologiarekin lotuz, sistema berritzaileak erabiliz, industriara eramanez; Euskal Herrian ez ezik, Espainiako estatuko eta Europako sareekin lotuz."

"Hizkuntzalaritzaren arloan ere bide-urratzaile izaten jarraituko du Elhuyarrek, erreferentziazkoa den hiztegigintzan, kalitate handiko itzulpengintzan, eta, berriki, hizkuntzen teknologia arloarekin batera, adimen artifizialeko baliabide eta zerbitzuak eskaintzen. Gizarte-gaiei loturiko aholkularitza-zerbitzuetan ere bere bidea egiten jarraituko du, enpresa eta erakundeei ikuspegi kritiko bat eskainiz, errealitatea ikusteko modu bat eskainiz, ezagutzatik, hizkuntzaren arloan ez ezik, berdintasunarekin eta parte-hartzearekin lotutako gaietan ere eraldaketa landuz. Ezagutuz aldatzea, finean. Hori izango baita, aurrerantzean ere, Elhuyarren leloa."

Erantzun

Sartu