Teknologia albisteak

KSItek programa, kultura sormena eta teknologia lotzeko, berrikuntzekin dator

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-14 : 12:23

Azken urteetan KSI Berritzaile izeneko programa bat izan du abian Eusko Jaurlaritzak, kultura eta sormenaren industria teknologien erabilerekin uztartzeko. Aurten ere ireki da deialdira proposamenak aurkezteko epea, egitasmoak izena pixkat aldatu duen arren: KSItek deriotzo orain; eta proiektuak aurrera eroateko ekimenean sar daitezkeen eragile teknologikoen definizioa berritu dute.

Iaz arte (ikus adibidez 2020ko deialdiaren albistea), KSI Berritzaile egitasmo zehatzetan, kultura eta sormenaren industriak (KSI) zeuden alde batetik, eta bestetik, partner teknologikoak zehaztuta zeuden: Vicomtech eta Tecnalia zentro teknologikoak ziren.

Aurten, KSItek honetan, bi sektoreak desberdin daude definituta:

  • KSI delakoan, sektoreko enpresak gehi bitartekaritza eta kultura-aholkularitzako zerbitzuak ematen dituzten enpresak.
  • Partaide teknologikoak izan daitezke oinarri teknologikoko enpresak eta ZTBES sareko zentroak (Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteak).

300.000 euroko aurrekontua du 2021ko deialdi honek, baina proiektu bakoitzean 5.000 eta 10.000 euro artean inbertituko da. Alor hauetarako egitasmoak aurkeztu daitezke:

  • Multimedia edukien prozesamendua (edukiak lortu, indexatu eta berreskuratu, streaming eta broadcast plataformak, jabetza intelektuala eta eskubide digitalen kudeaketa).
  • Ordenagailuzko grafikoak (animazioa, rendering, Errealitate Birtuala eta Handitua, joko serio eta interaktiboak, BIM).
  • Konputazio mugikorra eta nonahikoa (Gauzen Internet-a, wearableak, testuinguruan oinarritutako konputazioa, hodeiko konputazioa, dronak, jantzi adimendunak).
  • Konputagailu bidezko ikusmena (irudien prozesamendua, pertsonen jarraipena, mugimendua atzematea, 3D-ko berreraiketak).
  • Datu-analisiak (Big Data, datu-meatzaritza, analitika deskriptibo, prediktibo eta preskriptiboak, Open Data, ikusmenezko analitikak).
  • Hizkuntza-teknologiak (hizketa naturalaren prozesamendua, mintzamenaren prozesamendua, elkarrizketa sistemak, itzulpen automatikoa, sentimendu-analisia).

Ez, ordea, gauza hauek egiteko:

  • Kudeaketa edo euskarri-prozesuak hobetzeko irtenbide digitalak ezartzeko proiektuak (kudeaketa ekonomiko eta finantzariorako softwarea hartzea, Softwarearen lokalizazioa, giza baliabideen kudeaketa, inbentarioko eta katalogoko programak, etab.).
  • Webguneen garapena.
  • On-line salmentarako irtenbideak ezartzea.
  • Software (lizentziak) edota hardwarea erostea.

Epea apirilaren 30 arte dago epea. Informazio gehiago, hemen.

Erantzun

Sartu