Generorik gabeko hizkuntza bateko esaldiak generoa duen batera itzultzerakoan, zer egiten dute itzultzaile automatikoek? Finlandiar batek egindako aprobak genero estereotipoak agerian jarri ditu Google Translaten. Euskaratik froga bertsua egin dute beste pare bat lagunek, eta berdin. Berria egunkarian, Edu Lartzanguren kazetariak Elhuyarren Itzultzaile.eus sistemarekin egin du aproba; eta artikulu honetan euskarazko beste bi itzultzaile neuronal aurreratuekin ere probatu dugu.
Auzia kontestuan jartzeko, hizkuntza batzuetan esaldiaren sujetua derrigor agertu behar da (ez euskaraz), eta gainera izenordainak generoa izaten du. Ingelesez, hirugarren pertsona singularra She edo He da gizakia denean, eme edo arra, eta alternatiba bat dagoen arren (They singularra zuzena da ingelesez), ez dirudi Google Translatek hobesten duenik.
Ondorioz, "arrakastu du" proposatu eta ingelesez dio: He is succesful, arrrakastatsua gizonezkoa omen delakoan. Eta "haurrak zaintzen ditu" proposatu eta orduan: She takes care of the children; umeak zaintzen, emakumezkoa.
Adibide sorta jarraian. Hona finlandierazko kasua azalduta:
Adibide hau ikusita, gutxienez bi euskaldunek egin zuten aproba euskararekin. Esti Diazek aproba egin du Bera izenordea erabiliz gehienbat, Berak hura maite du eta Berak haurra zaintzen du bezalako esaldiekin. Zerrenda horretatik abiatuta egin dute artikulua Berrian. Google Translatek emaitza hau eman dio Diazi:
Joana Garmendiak berriz, sujeturik gabeko euskarazko esaldiak sartu ditu. Hauetxek:
Triste dago.
Arrakasta du.
Haurrak zaintzen ditu.
Lanera doa.
Pobrea da.
Aberatsa da.
Erizaina da.
Medikua da.
Ile-apaintzailea da.
Igeltseroa da.
Arropa erosi du.
Autoa erosi du.
Eta emaitza hau eman dio Google Translatek:
Garmendiaren hitz zerrenda pasatu dugu euskarazko itzultzaile neuronaletatik, zeinak, esan beharra dago, oso tresna txukunak diren. Batua.eus-ek (artikulu honetako lehen ilustrazioan ikus) eta Jaurlaritzaren Itzulik emaitza berdina eman digute.
Haur zaintzailea eta ileapantzailea femeninoan ulertu ditu, eta arrakasta neutroan: delako aplikazioak arrakasta du zentzuan, it's a success.
Elhuyarren itzultzaileak beste emaitza hau eman digu:
Subjektu batzuk falta dira, eta ile-apaintzailea kasu honetan gizonezkoa da. Erizain ordea, emakumezkoa.
Hain zuzen ere, Elhuyarrek gaiaren muinaz eta konplexitateaz artikulua argitaratu zuen duela egun batzuk. Google Translateri dagokionez, hizkuntza pare batzuetan genero ñabardurak sartzen hasi ziren duela bi urte; baina bidea dute egiteko.
Izenordainen kasuan, ingelesezko they singularraren erabilera sustatzea izan liteke bidea. Euskal Herrian ingelesa irakatsi izan den ereduan ez dirudi they erabilpen honi buruz hezi gaituztenik, baina izango da garaia akaso. Ingelesez saiatzen garen herritarrentzako erronka, eta baita itzultzaile automatikoetarako.
Erantzun
Sartu