Teknologia albisteak

Hizkuntza zeltikoak, kapritxozko oztopo burokratiko britainiarren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-03-04 : 10:15

Erresuma Batuko lege prozedurek ondorio bitxiak dituzte batzuetan hizkuntza gutxituen diskriminazioari begira. Familia batek auzia irabazi zuen joan den astean, amaren hilobian (Ingalaterran) irlandesezko esaldi bat idatzi ahal izateko; ama hil eta hiru urtera gertatu da hau, debekatua izan dutelako inskripzioa. Keane familiari arrazoia eman diote azkenean, baina hori gertatu eta astebetera, bikote bati debekatu egin diote ezkontza-zeremonia kornubieraz egiteko baimena.

Irlandesezko hilarria

Margaret Keane Coventry (Ingalaterra) hiriko andre bat zen, jatorri irlandarrekoa. 2018an hil zen, eta hilerrian gurutze zeltikoa jarri nahi izan zion familiak esaldi idatzi honekin: “In ár gcroíthe go deo” – “Gure bihotzetan betiko”. Ingalaterrako Eliza erdi-ofizialaren aldetik etorri zen debekua, "pasio politikoak" piztu zitzakeelakoan esaldiak. Hizkuntza aukeragatik izango zen...

Auzi bitxi hau elizak bere kontuetarako darabiltzan epaitegi propio batzuetan ebatzi da, eta lehen erabakiak atzera botata, otsailean Keane familiak baimena lortu du irlandesez agurtzeko bere senitartekoa.

Irlandera ez da Ingalaterrako hizkuntza gutxitua, baina Erresuma Batuaren kontestuan, Ipar Irlandan badu ezagupen ofizial oso xume eta azaleko bat.

Informazio gehiago, hemen.

Kornubierazko ezkontza

Kornubiera ere hizkuntza zeltikoa da, Kornualleskoa jatorriz (Ingalaterrako hego-mendebaldeko muturra). Desagertu egin zen 18. mendean, baina testu eta ezagupen zaharretatik berreskurapen saioetan ari dira, eta badira hiztunak gaur egunean: 300 edo 400 hiztun oso zeuden 2015eko errolda baten arabera, eta 5.000 inguru ikasten edo nolabaiteko ezagutzarekin.

Komunitate txiki horretako bi lagunek ezkontzea erabaki zuten, eta baimena eskatu dute kornubieraz egiteko. Ezkontza-fedea hizkuntza horretan eman, eta, suposatzen dugunez, delako funtzionario baten hitz batzuk ere ahal dela kornikeraz entzun.

Baina Kornuallesko eskualdeko Kontseilu edo agintaritza zibilak ezezkoa eman die Steph Norman eta Aaron Willoughby ezkontideei. 1949ko lege batek ez duela uzten: ingelesez izan behar du, eta salbuespena omen dago galesez egiteko (beste hizkuntza zeltiko bat, biziena Britainiar Uharteetan).

Itxura batean bikoteak zaila du protesta legal bat egiteko, BBCren albiste honen arabera, Erresuma Batuan kornikerak ez duelako estatusik...

Erantzun

Sartu