Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE) jakinarazi duenez, funts propioekin zenbait proiektu abiatu ditu aurten, euskarazko Wikipedia hobetzeko helburuarekin. Proiektu horietarik hiru martxan daude jada, Tolosaldepedia, Wikikunde eta Sukaldaritza liburua dira.
Bost proiektu dira EWKEk bultzatzea erabaki dituenak, baina oraingoz hiruren berri eman dute:
- Tolosaldepedia. Tolosari eta Tolosaldeari buruzko ezagutza handitzeko eta zabaltzeko proiektua. Dauden artikuluak hobetu, eta berriak sortzea da koxka, eta premia batzuk identifikatu dira. Lantegiak ere antolatzen ari dira, herritarrak edizioan inplikatzeko.
- Wikikunde. Euskal Herriko populamendu unitate txikiak (auzuneak, kontzejuak) hobeto dokumentatzeko ahalegin bat. Errealitate aberats bat, hutsune triste bezain harritzekoa duena Wikipedian: hainbeste tokitan falta da informazioa, non proiektu honek, eskualde jakin batzuetan ahalegina kontzentratuz, kalibratu nahi duen zenbat kostatuko zen Euskal Herrian osoan zabaltzea dokumentazio-lana. Tokian tokiko pertsonekin harreman eta informazio sarea osatzea, "wikikunde" bat egitea da proiektuaren funtsetako bat: Joxe Aranzabalek asmatu zuen hitz hau, eta bere blogetik mailegatu du proiektuaren bultzatzaileak.
- Sukaldaritza liburua. Wikipedista talde bat sukaldaritzaren inguruko liburu bat wikitzen ari dira Wikiliburuetan eta, materiala antolatuz, liburu bat argitaratuko urtearen amaieran. Agian, euskaraz dagoen sukaldaritza liburu zabalena izan liteke. Atalak izango dira: teknikak, osagaiak, prestaketak, gozogintza, hiztegia, trukoak eta aholkuak eta errezetak. Jada Wikiliburuetan lanean ari dira, eta Commons biltegian edukia gehitzen ere bai.
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea bazkidetza errazeko taldea da: 5 euro urtean kostatzen da harpidetza, eta pentsa zenbaterako ematen duen.
Erantzun
Sartu