2019an, Iruñeko alkate eta Navarra Sumako eskuin espainolistak, kontratua eten zioten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeari, Bizidantza ikuskizuna eskaini baino egun batzuk lehenago. Zentsuratzaileek emandako argudioa kontratuan irregulartasunak zeudela izan zen, baina Nafarroako Arartekoak lehenik eta Nafarroako Kontseiluak ondoren, pailazoek egindako erreklamazioari haien onespena eman ostean, alkateak publikoki onartu behar izan zuen erabaki baztertzailea ideologikoa izan zela. Orain auzitegiek pailazo euskaldunei eman diete arrazoia, eta "Zentsura putzura" bideoarekin ospatu dute erabakia.
Urtero egiten zuten Bizidantza San Saturnino hurbiltzen zenean, azaroaren 29an Iruñean. Baina zentsura iritsi zen. Baluarte aretoa ezin erabiliz, ikuskizuna egin egin zen, taldeak Anaitasuna kiroldegia alokatu zutelako, eta baita bete ere ikuskizunaren egunean.
Auzitegietara jo aurretik, pailazoak Iruñeko udaleko alderdi politiko guztiekin jarri ziren harremanetan, elkarrizketaren bidez irtenbidea eman asmoz, baina Enrique Mayak eta bere alderdiak uko egin zioten hitzari. Horregatik, auzibideetatik ekitea erabaki zuten. Azkenean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebatzi du epaia pailazoen alde.
Ez da zigor latza izango udal agintarientzat: 250 euroko indemnizazioa eman beharko dio udalak pailazo taldeari; eta ez dute poltsikoratuko, Iruñean haur eskolak euskaraz izatearen aldeko borrokan ari diren familientzako izango baita ekarpen txikia.
Agiri bat ere kaleratu dute bideoarekin Pirritx, Porrotx eta Marimototsek: "Oso merke ateratzen zaie zentsuratzaileei haien zapalkuntza, are gehiago herritar guztien diruarekin ordaintzen dutenean. Inpunitatez jokatu dute pailazoekin, baina sudurgorriak ez dira izan zentsuratutako lehenak, ezta azkenak izango ere. Ez dezatela pentsa hala ere besoak gurutzaturik geratuko garenik. Euskaldunok mendeak daramatzagu Auñamendien bi aldeetara euskaraz kantatzen, dantzatzen, alai bizi nahian, munduarekin armonian. Izokinak gara korrontearen kontra igerian saltoka, eta horregatik egiten dugu bat gu bezala txikitasunetik, eta askotan bazterretik, koloretako mundu bat denona eta denontzat aldarrikatzen duten guztiekin."
Erantzun
Sartu