Teknologia albisteak

Auschwitz-etik Haratago, erakusketa eta zikloa Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-02-18 : 11:26

Auschwitz-etik Haratago erakusketa eta kultura-zikloan antolatu da Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean. 500 metro karratuko ibilbide batean, biktimen eta sarraski-egileen erretratuak ikus daitezke, eta Auschwitz-eko sarraskitze prozesua ulertzeko beste zenbait irudi ere bai. Ziklo kultural paraleloa, tamala da, gaztelera hutsez da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailak ekoiztu du, baina euskarazko edukiak ahaztu zaizkie. Gaur hasten da ekitaldi programa paralelo bat, hitzaldi, solasaldi eta film-proiekzioekin, eta hitzaldi/solas guztiak gaztelaniaz dira, eta aukeratutako film guztiak erdarazkoak, baina, badaezpada, gaztelaniazko azpidatziekin.

Gaurko ekitaldia, 19.00etan, "Una violencia indómita", Julián Casanova eta Edurne Portelarekin.

Foru Aldundiak zabaldutako informazioaren arabera, ziklo honekin, "errepresio frankistaren makineriaren eta nazismoaren arteko harremana aztertuko dugu, ikuspegiari genero ikuspegia eta sexu indarkeriari buruzko azterketa gehituz. Espainiako indarkeria koloniala eta haren ondorioak Espainiako memoria historikoa berreskuratzeko mugimenduarekin eta Saharan dagoen egungo gatazkatsuarekin lotuko ditugu. Europako errefuxiatuen gaia eta nekropolitika aztertuko ditugu, gaur egungo masa indarkeriaren modu gisa. Horrela, masa indarkeriaren ezagutzan sakontzen saiatuko gara, etengabeko elkarrizketaren bidez, esperientzien arteko zubiak eraikiz eta elkarrizketarako eta arretaz entzuteko guneak sortuz." Ikuspegi bakarra ahaztu zaie, kasualitatea.

Bisita gidatuen egutegi bat badago ordea, bisitak elebidunak izango direlako oharraz (auskalo praktikan zer den hori).

Uztailaren 3a arte egongo da irekita erakusketa eta zikloa. Erakusketa Musealia enpresak sortu du, zenbait erakunderekin elkarlanean: Auschwitz Birkenau Poloniako estatuko museo ofizialaNazio Batuen Erakundea, Unesco eta Centro Sefarad-Israel. 

Erantzun

Sartu