Earthling Project delakoaren asmoa da 10.000 lagunen abesti eta ahotsak biltzea, eta disko gogor suntsiezin batean Ilargiaren azalean uztean aurten. Aplikazio baten bidez ari dira jada soinuak biltzen. Igoko ote zuen inork euskarazkorik? Hemen duzue aukera, aplikazioa iOS edo Android bertsioetan jaitsi eta erabilita.
Ostegunez ikusi genuenez prouiektuaren orrian 39 estatutatik 180 ahots jaso dituzte, eta 17 "pieza artistiko". Asmoa 10.000 ahots gordetzea denez, badago aukera euskararentzat. Hala ere, estatuen araberako identifikazio-sistema du aplikazioak (nonbait Mexikon sortua), eta hortaz, Espainiako edo Frantziako bandera aukeratu beharko duzu kantu bat igotzeko (edo beste edozein herrialdetakoa, Andorrakoa adibidez, herrialde txiki hori Pirinioetan).
Aplikazioak erabiltzaile bat sortzea eskatzen du, eta gero grabaketa egin dezakezu. Dagoeneko hainbat grabaketaren estatistikak ikus daitezke estatu-banderen eta kategorien arabera antolatuta, baina aukeratzen baduzu bat entzuteko, "aukera hori laster aktibatuko da", diotsu aplikazioak. Guztiz osatuta ez dago, beraz. Kategoria hauek daude aurreikusita:
Guztiarekin, ahots-abesti bilduma hau zertan gauzatuko den ez dugu ondo ulertzen. Albiste honetan irakurri dugunez, abesti bildumaz gain, disko gogor "ustez suntsiezinak" Wikipediaren kopia bat ere izango omen du, eta Rosetta Proiektuaren kopia bat ere (munduko 1.500 hizkuntzetako informazio multzo bat). Zenbat Terabyte edo Petabyte ote diren eta zein nolatako teknologian sartuko dituzten "suntsiezin" izateko ez dago argi. Wikipedia osoak Wikipedia guztiak esan nahi ote duen ere... eta Commons ataleko multimedia guztia? 10.000 abestik bete dezaketena baino askoz gehiago da hori, teknikoki ez dirudi erraza.
Delako disko edo Earthling bilduma, zer dela ere, aurtengo uztailean iritsiko omen da ilargia. Espaziountzien konpainia pribatu batek, Astrobiotic Technologyk, Peregrine misioa antolatu du uztailerako, eta zenbait elementu eroango ditu ilargira, horien artean "denbora kapsula" bat baino gehiago, hau da, etorkizunerako elementuak gordeta edukitzeko asmoz sortutakoak, Earthling hau bezalaxe.
Proiektuak nolabait oihartzuna du 1977an prestatu zen Voyagerren Urrezko Diskoarekin. Edukiz sinpleagoa, behintzat hura hor doa, eguzki sistematik haratago zuzendua.
Gehiago jakiteko, https://earthlingproject.com
Erantzun
Sartu