Teknologia albisteak

Euskaltzaindiaren eta beste akademien eskaera Espainiako gobernuari

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-02-11 : 16:17

Galizieraren eta katalanaren akademiek eta Euskaltzaindiak eleaniztasunaren aldeko adierazpena argitaratu dute, akademietako zuzendariek sinatua, eta Espainiako gobernuari zuzendua. «Espainiako Estatuak zaindu eta jagon beharreko aberastasuntzat hartu behar du hizkuntza-aniztasuna; ez, ordea, baztertu behar den arazotzat», dio testuak.

Agiria hiru hizkuntzatan argitaratu da bateratuki (gaztelaniazko bertsioa egin badute, ez dago akademien webguneetan), eta sinatu dute bakoitzaren buruek: Victor Fernández Freixanes-ek (Real Academia Galega), Joandomènec Ros i Aragonès-ek (Institut d´Estudis Catalans) eta Andres Urrutiak (Euskaltzaindia).

Hauxe da testua:

Berriz ere sortu da eztabaida publikoa hizkuntzek hezkuntza sisteman duten presentziaren gainean. Eztabaida hori argitzen laguntzeko, Euskaltzaindia, Institut d’Estudis Catalans eta Real Academia Galega erakundeek, bakoitzak ordezkatzen duen hizkuntza defendatu eta sustatzeko ofizialki onartuta dituzten arduren jabe direlarik, erabaki dute honako adierazpen hau jendaurrean zabaltzea:

1.- Autonomia printzipioarekin bat etorriz, gure aburuz, berezko hizkuntza era ofizialean onartua duten erkidegoen hezkuntza-sistemaren hizkuntza-araudia erkide horietako bakoitzaren eskumen esklusiboa dela.

2.- Hizkuntza-araudi horrek ahalbidetu behar du gure hizkuntzetako bakoitzean eta gaztelanian gaitasun oso eta berdina izatea. Ikerlan eta ebaluazio fidagarrienek, bai eta katalana, euskara edo galegoa berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoetan egin diren askotariko esperientziek frogatu dutenez, hizkuntza horien etorkizuna normaltasunez ziurtatu nahi bada, katalanak, euskarak eta galegoak presentzia sendoa behar dutela hezkuntza-sisteman eta horrek ez diola orain arte inolako galerarik ekarri gaztelaniaren jakintzari, ezta hemendik aurrera ekarriko ere. Aipatutako erkidegoetako bakoitzaren lege-araudiak ezartzen du ikasleek ezagutu behar dituztela gaztelania eta dena delako erkidegoan dagoen hizkuntza berekia derrigorrezko irakaskuntzaren bukaeran. Gaztelaniari dagokionez, hura jakiteko helburua osoki bermatuta dago aplikatu diren askotariko hizkuntza-ereduetan. Aitzitik, hizkuntza-eredu horiek guztiak ez dira eraginkorrak izan katalana, euskara eta galegoaren jakintza bermatzeko.

3.- Euskaltzaindia, Institut d’Estudis Catalans eta Real Academia Galega erakundeak, zein bere hizkuntzari dagozkion gaietan, botere publikoen erakunde aholku-emaile ofizialtzat onartuta daude. Hartara, galdatzen dute estatuko erakundeek haiei kontsulta egitea eta adierazten dute, orobat, haien esanetara daudela. Hartara, nahi genuke eztabaida publiko informatu eta arrazoizko baten parte izatea, estatu espainiarreko hizkuntza-erkidegoen eta hizkuntzen artean elkarri begirunea izateko eta haien arteko bizikidetza errazteko. Izan ere, estatu espainiarrak hizkuntza-aniztasuna gorde eta sustatu beharreko aberastasun moduan hartu beharko luke, ez ezabatu beharreko arazo moduan

Erantzun

Sartu