Teknologia albisteak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 1936-37ko gerrak hildakoen datubasea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-02-09 : 16:06

Gerra Zibilean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hil ziren biktimen datu-basea aurkeztu berri du Eusko Jaurlaritzaren baitako Gogora institutuak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Hogei mila izen daude, bilaketa bidez senideak aurkitzeko aukera dago. Baina deia ere egin du Gogorak, datuak oraindik osatugabeak direlako, eta inork dokumentazio eta informaziorik balu, emateko arren.

Badira zenbait urte datu-base osatzen jardun izan dutela, baina orain publikoki kontsultatu daiteke. biktimen erroldak 20.970 hildakoren datuak jaso ditu: 19.962 gizon, 997 emakume eta 31 kasutan ezin da generoa zehaztu. Horietarik 7.795 kasutan, ez dakigu oraindik hildako non dagoen lurperatuta.

Bilaketa egin daiteke izen eta deiturekin datubasean, baina kontuan izan 20.970 fitxetan, 698 identifikatu gabe daudela, izenik gabe. Datubasean bilaketa nola egin erakusteko, bideo bat prestatu dute.

Jaurlaritzako ordezkariek azaldu dutenez gaur egindako aurkezpenean, badaude heriotza inolako artxibo-iturri kontsultagarritan erregistratuta ez duten zenbait hildako; hori dela eta, Gogora Institutuak dei egiten die gerra zibilean eta diktadura frankistaren lehen urteetan hildakoen familiei, beren familiartekoei buruzko informazioa emateko.

Goiko irudian, Serapio Mendarte hildakoaren fitxa. Zinegotzia zen Errenterian (EAJkoa), eta gudari boluntarioa. Artxandako maldetan, Txoriherri inguruan, hil zuten, odol hotzean, atxilotu ondoren armarik gabe zegoela. Haren gorpuzkinak ez dira aurkitu.

Txio batean ikusi dugu familia batek galdutako senide baten berri jakin duela lehen aldiz datubaseari esker. Angel Altuna Astigarraga zeritzon, abarketaria lanbidez, Azkoitikoa zen, gudari edo miliziano, Basurtuko ospitalean hil zen 24 urterekin 1936ko abenduan, ez dakigu gaixo ala gerran zauritua.

Duela bi urte, biktimen inguruko beste estatistika batzuk kaleratu zituen Jaurlaritzak, nazioarteko legediaren arabera nola kalifikatu zitezkeen jakiteko. 20.000 biktimetatik 5.800 hildakoren kasuak gizateriaren kontrako krimenak zirela ondorioztatu zuen txostenak.

Bilaketak egiteko, Gerrako biktimen datubasea.

Erantzun

Sartu