Teknologia albisteak

Badihardugu euskara elkarteak 20 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-02-06 : 09:13

2000. urte amaiera zen. Deba eskualdeko hainbat euskara teknikari, irakasle, itzultzaile, hizkuntzalari eta eragile bildu ziren, eskualdeko euskararen konplexuak eta beldurrak uxatu eta bertako euskara hobeto ezagutzeko asmoz. Eta Badihardugu Euskara Elkartea sortu zen. 20 urte igaro dira Badihardugu lehen pausoak ematen hasi zenetik. Urteurrena kantuz ospatu dute elkarteko kide eta lagunek, Ainara Ortegaren musika eta Juan Martin Elexpururen hitzak dituen abeste batekin. 

Helburu nagusia "gure azpieuskalkia aztertzea, jorratzea eta herritarren artean zabaltzea da, bide batez euskara bera aberastuz eta indartuz, eta betiere euskalkiaren esparrua eta euskara batuarena osagarri izan behar direla jakinez. Lan ildo nagusia, ahozkotasuna lantzea eta euskararen erabilera ziurtatzea izango da." Horiexek ziren orain 20 urte sortu berri zen Badihardugu Elkarteak bere estatutuetan jaso zituenak. Urtebetez hainbat bilera egin ostean, 2020 hondarrean elkartu ziren 60 lagunetik gora Eibarko kultur etxean eta ofizialki sortu zen elkartea, Serafin Basauri presidente zela. 

1990ko hamarkadan Deba Ibarrean izandako lan sakon eta ixilaren ondorio izan zen. Besteak beste, Estepan Plazaolak eta Fernando Muniozgurenek hainbat urtez egindako beharraren emaitza. Garai horretan sortu ziren herri gehienetako euskara elkarteak (Jardun, ...eta kitto!, AED, Berba...) eta baita hamaika herri komunikabide, aldizkari eta telebista ere. Horrekin batera, hango eta hemengo herrietako euskararen corpusa jasotzeko ere lan andana egin zen sasoi hartan eta Deba Ibarreko ia herri bakoitzean burutu zen herriko hizkera, toponimia, abestiak edota aditza jasotzeko azterlan edo bekaren bat.

Testuinguru horretan sortu zen 1999-2000 bitartean Badihardugu Elkartea, Deba Ibarreko euskara elkartea. Harrezkero, eskualdeko euskararen inguruko hainbat lan kaleratu ditu elkarteak eta Euskalkian idazteko irizpideak ere osatu zuen. Gainera, hainbat arlotako lanak ere kaleratu ditu Badiharduguk: gazte hizkera, ahozko jarduna, hizkuntza-erabilera, adizkiak, kantak eta jolasak... Baina 20 urte luze hauetan herri-hizkeren eta ahozko jardunaren bilketan eta hedapenean egin du lanik handiena, Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren bidez. 2003 inguruan abiatu zen Deba eskualdeko Ahotsak proiektua, gaur egungo Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren hasiera izan zena. Urtez urte herri berriak gehitzen eta indarra hartzen joan zen proiektua, gaur egun duen neurria hartu arte. 

20 urte pasatu dira Deba eskualdeko euskara bultzatzeko asmoz Badihardugu Euskara Elkartea sortu zenetik. Egoera berezi honetan urteurrena kantuan ospatzea pentsatu dute. 2018an Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Abaddia Saria ere jaso zuen Ahotsak.eus-ek, eta ekitaldi hartan Juan Martin Elexpururen berbez jantzitako doinu eder bat abestu zuen Ainara Ortegak. Kanta horixe aukeratu dute Badiharduguren 20. urteurrena ospatzeko eta elkartaren inguruko lagun batzuk kantuan ipintzeko. Honatx!

 

Erantzun

Sartu