Jon Torner kazetariak oso hari interesgarri bat idatzi du Twitterren, eta ilustrazioko ekarri dugun irudia ere sortu du: Japoniako txirrindularitzako manga komiki bateko irudia, Ordiziako Txirrindularitza Klasikoarekin lotuta.
Japonian txirrindularitzak jarraipen handia du, baina batez ere pistako Keirin modalitatean. Hala ere, errepideko txirrindularitzan aritzen diren ziklistak ere badira Japonian, eta haientzat berebiziko garrantzia du aurten, 2021 honetan, atzerapenez ustez jokatuko diren Tokyoko Joko Olinpikoetan egoteak. Errepideko proba olinpikoan egoteko, Japoniako bi txirrindularik dute aukera (beste nazioetako batzuek baino partaidetza txikiagoa).
Bi postu horietako bat emana zegoen iazko urrirako, Yukiya Arashiro txirrindulariari zegokikon. Beste posturako, bi lagunen lehia zegoen, eta nazioarteko aski puntu ematen zituen proba batean lehiatu beharra zeukaten, sailkatu ahal izateko. Eta lasterketa asko Covid pandemiagatik bertan behera geratuta, puntuak lortzeko aukerak ez ziren asko denboraldia amaitu aurretik. Orduan, Euskal Herrian sortu zen aukera. Iazko urriaren 12an, Ordiziako Klasikoa suertatu zen bientzat proba eranakigarria. Irteera-lerrora azaldu ziren, Euskal Herrira bidaia eginda, Hideto Nakane eta Nariyuki Masuda. Nippo Delko One Provence taldekoa bata, koxka bat beheraxeago dagoen Utsunomiya Blitzen-ekoa bestea.
Ahalik eta posturik onenean sailkatzea zuten helburu. Baina, batez ere, helmugara batak bestea baino lehen iritsi nahi zuen kosta ala kosta, Masudak bereziki: 274,8 UCI puntu zituen, baina Nakane aurretik zuen 282rekin. Masudak txukun bete zuen egitekoa: 20. lekuan iritsi eta 9 puntu zakuratu zituen. Nakanek huts egin zuen ordea, ibilbide erdian lasterketa utzi zuen. Batuketa eginda, Masudak 1,8 UCI puntutan gainditu zuen Joko Olinpikoetarako minimoa.
Jon Tornerrek istorio hori kontatu digu, baina jarraitu du harian Keirin, apostuak, manga komiki txirrinduzaleak eta hainbat jarri bilduz. Irakurtzekoa, benetan, eskerrik asko Jon.
Guztiarekin, baliteke Nariyuki Masuda txirrindulariaren ahalegina alferrekoa izatea. Zurrumurruak daude Joko Olinpikoak aurten ere ez ote diren egingo, pandemiaren iraupenagatik. Eta kasu honetan, ez beste urtebetez atzeratzeko, baizik eta egutegian "salto egiteko" Tokyoren gainetik, Paris 2024 izango zelarik hurrengo txanda, aurreikusi bezala.
Erantzun
Sartu