Teknologia albisteak

Iñaki Segurola sermoilariaren saiakera oteizarra: Sed quia sua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-01-15 : 12:15

Iñaki Segurola hizkuntzalari eta sermoilariak (Azpeitia, 1962) 'Sed quia sua' saiakera liburua argitaratu zuen 2020 amaieran, Jorge Oteizaren 'Quousque Tandem' lanarekin paralelismo bat eginez, hizkuntzaren inguruko gogoetak bildu ditu lanean.

Elkarrizketa parea egin zituen hurrengo egunetan, sustapenerako edo. Hona pasarte batzuk Urola Kostako Hitzari eta Argia aldizkariari eskainitakoak irakurri ditugularik.

Oteizaren aurrekariaz:

Asko maite dut, baina badaude liburuan onargarriak ez diren gauza batzuk. Adibidez, Oteizarentzat euskarago da arroyo xirripa baino. Zergatik? Bere pelikulan ar silabak sekulako garrantzia duelako. Mesedez. Berak ez zekien euskaraz; ezin da euskaldun baten gainetik jarri eta zer den euskara eta zer ez esan. Baina bere burua jaungoikotuta zeukan, eta iruditzen zitzaion dena libre zela.

Hartu Quousque Tandem bera: “Interpretación estética del alma vasca” (“euskal arimaren interpretazio estetikoa”). Pentsa gaur non gelditzen den. Orain jende progrea migratuei eta arrazializatuei begira dago.

Euskararen ahuldadeaz

Nik uste dut badagoela alarma egoera bat; hizkuntza menostuen, ahulen garaia badoala iruditzen zait. Gero eta nabarmenagoa da; ez euskararen kasuan bakarrik, baita katalanaren kasuan ere. Ez dago arnasik. Ameriketako irakasle batek artikulu batean zera zioen: basque as an extinct language. Hau da, hizkuntza agortua dela euskara. Polemikoa izan zen argitalpena, baina nik uste dut arrazoi zuela. Extinct ez da hila, baina bai agortutako hizkuntza bat bere burua berritzeko eta biziberritzeko gaitasun oso gutxi daukana. Euskararekin eta katalanarekin hori gertatzen ari da; hizkuntza koxkor hauen etorkizuna eta arnasa badoa.

-ismoak eta konformidadeak:

Uste dut hitz-polizia feminista badagoela, baina beti egon dela. “Ez dakit zer hitz erabili duzu”, “gizon esan duzu baina zis-gizonak bakarrik zenituen buruan”. Hizkuntza ez dira hitzak; hizkuntza da esana, zer ari zaren esaten, egoera bakoitzean zer helarazi nahi duzun. Judizializatzen badira hitz guztiak, ezin dut hitz egiten segi.

Ni zain nago ea [bertsolaritzan] Xabier Silveira itzultzen den behingoz, eta esaten duen mundua zapala dela, eta birusik ez dagoela. Edo nahi dut, adibidez, Aitor Bizkarrak edo Maddi Sarasuak, izorratzea. Baina ez izorratzea izorratzeagatik, baizik eta ikustea ea gai diren beren ildo sozialistatik adostasun antzu hori puskatzeko, deserosotasun pixka bat sortuz.

 

Bestalde, izenburu eta sarreran sermoilari deitu diogu, igandeetan Euskadi Irratian horixe ematen duelako, Igandeko Sermoia. Predikuak entzungai, hementxe.

Liburua, Sed quia sua: Erein.

Erantzun

Sartu