Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Sailaren bitartez, 500.000 euroko dirulaguntza bat eman dio Ikerbasqueri, Covid-19ren inguruko sei ikerketa-proiektu finantzatzeko. BERC zentroak (Basque Excellence Research Centre) dira laguntza jasoko dutenak, eta koronabirusaren krisiaren alderdi desberdinetatik ekingo diote ikerketek. Besteak beste ikertuko dira 2021ko hasiera honetatik: immunitateak zenbat irauten duen (gaixotasunaren ostekoa edo txertoen bitartezkoa), edo gaixotasunaren trataerak, inpakto ekonomikoa, aurreikuspeneko eredu matematikoak...
Hona zentro bakoitzak ikertuko duena:
- DIPC – Donostia International Physics Center. Ikerketa-zentro hau gailu berri bat garatzen ari da nanoteknologian oinarritutako SARS-CoV-2a diagnostikatzeko. Ikerketa hau SARS-CoV-2 detektatzeko sentsoreak garatzen ari da, hiru teknologia alternatibo erabiliz: mikrobalantzak/mikropalankak, grafenozko FETak eta sentsore fluoreszenteak. Lehen bi teknikak detekzio goiztiar ultrasentsibleari aplika dakizkioke; hirugarrenak, berriz, test masiboetan detekzio azkarra egitea ahalbidetuko luke. Nanopartikuletan oinarritutako birus-ereduak garatzen ari dira, sentsoreak azkar garatzea ahalbidetuko dutenak lagin biologikorik behar izan gabe. Garatutako sentsore funtzionalen lehen prototipoak praxi klinikoaren bidez baliozkotuko dira ikerketa honi lotutako hainbat ospitaletan.
- BCAM – Basque Center for Applied Mathematics. Zentro honek matematikaren bidez koronabirusaren aurkako borrokan laguntzen du. Zazpi egunera, Covid-19ari lotutako kasu positiboen, ospitaleratzeen eta hilkortasunaren iragarpen-ereduak egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan.
- Biofisika – Basque Centre for Biophysics. Zentroa hiru ikerketa lerro paralelotan ari da. Batetik, SARS-CoV-2 birusaren immunogenizitateari eta neutralizatzeko gaitasunari buruzko analisi serologiko bat garatzen ari da COVID-19 gaixoaldian. Bigarren ikerketa-lerro baten helburua koronabirusa detektatzeko eta diagnostiko molekularra egiteko mekanismo bat garatzea da, mintzeko nanotutuen bidez. Beste ikerketa-lerro baten helburua da giza zelulak infektatzeko birusaren gaitasuna blokeatzen duten inhibitzaileak azkar sortzea. Zentro hau bide endozitikoaren bidezko infekzio-mekanismoa ere ikertzen ari da, aukera paregabea ematen baitu COVID-19rako eta etorkizuneko infekzio birikoetarako neurri eta tratamendu berriak garatzeko.
- BCMaterials – Basque Center for Materials, ImmuCoV (point of care gailuak) proiektuan dihardu, SARS-CoV-2arekiko immunitatea azkar detektatzeko. COVID-19 pandemiaren erronka nagusietako bat birusarekiko immunitatea ebaluatzea da, dela naturala dela txerto batek eragindakoa. Informazio hori funtsezkoa da birusaren hedapenaren jarraipen egokia egiteko eta osasun publikoko politikak behar bezala diseinatzeko. BCMaterials-en bi irtenbide garatzen ari dira. Alde batetik, erabilera profesionaleko sistema bat, farmazietan eta lehen mailako arretako zentroetan detekzioa egiteko. Bestalde, behin erabiltzeko gailu bat garatzen ari da, eta telefono mugikor batetik kudeatu ahal izango da, herritarrek oro har erabil dezaten.
- Achucarro – Basque Center for Neuroscience. Gaixotasunarem trataerarako bi ikerketa-ildo berri garatzen ari da: lehena, ordenagailu bidez diseinatutako proteina sintetikoen inhibitzaileak (nanogorputzak) garatzeko, SARS-CoV-2 inaktibazio gidaturako. Eta bigarren ikerketa-lerro bat peptido birkonbinatzaileak sortzeko, bai funtsezko proteina hartzailearena, sarrerako ate infekziosoarena, bai SARS-CoV-2ren spike proteinarena; haren potentzial terapeutikoa aztertuko da lehen fasean in vitro eredu esperimentaletan, eta ondoren, in vivo modeloetara eskalatu behar bada.
- BC3 – Basque Centre for Climate Change. COVIDaren eragin ekonomikoa aztertzea ahalbidetuko duen eredu bat garatzen dihardu; sektorekako BPGari, etxeetako aberastasunari, desberdintasunari, pobreziari, kontu publikoei, nazioarteko merkataritzari eta abarri dagokienez. Inpaktu horretan zerk nola eragin duen aztertuko dute: pertsonen konfinamenduak, negozioen eta mugen itxierak eta aktibo finantzarioen balio-galerak, ...
Erantzun
Sartu